GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Egunkaria»ren aurkako erasoa salatzeko ekintzak izan dira, EHEren deiari erantzunez

Euskal Herrian Euskaraz-ek «Egunkaria»ren eta euskaraz bizi nahi duen herriaren aurkako erasoen «erantzuleen aurrean mobilizatzeko» deia egin zuen, eta hainbat herri eta auzotara zabaldu zen erantzuna.

p016_f01_148x112.jpg

GARA | GASTEIZ

«Euskarari erasorik ez! Euskaraz bizitzeko `Egunkaria' libre!» lelopean, Euskal Herrian Euskaraz (EHE) eragile euskaltzaleak atzokoa mobilizazio eguna izateko deia egina zuen. Herri mugimenduak zabaldutako deiari erantzunez, aldarrikapen horri «hauspoa eta oihartzuna» eman zioten ekintzak egin zituzten Euskal Herri osoko hainbat herri eta auzotan, eta Iruñean eta Gasteizen izan ziren ekimen nagusiak.

«Euskaldunon Egunkaria»ren eta euskaraz bizi nahi duen herriaren aurkako erasoen erantzuleen aurrean, hain zuzen, Gobernu espainolak Gasteizen duen ordezkaritzaren aurrean, hamar pertsona bildu ziren. Iruñeko elkarretaratzean, aldiz, berrogei bat lagun izan ziren.

Bi ekintza nagusi horiez gain, Euskal Herriko hamaika herri eta auzotan ere izan ziren mobilizazioak. Bilboko Uribarri auzoan, adibidez, pankarta erraldoi bat zabaldu zuten. Tafalla, Altsasu, Lizarra, Irunberri, Eibar, Soraluze, Andoain, Durango, Zornotza, Lekeitio, Ondarroa, Markina, Oiartzun, Zarautz eta Villabonan, besteren artean, ere ekintzak egin zituzten. Mobilizazio horien guztien gaineko balorazio orokorra gaur bertan plazaratuko du eragile euskaltzaleak.

Era berean, «Egunkaria auzia»ren gaineko hausnarketa ere plazaratu du EHEk ohar baten bitartez. Zazpi urte igaro dira jada euskara hutsezko egunkari bakarra itxiarazi eta Estatu espainolak Euskal Herriaren kontrako «erasoaldi berria» abiatu zuenetik. Hala, «eraso horren bidez, Estatuak ez zuen hedabide soil bat kolpatu nahi izan, herri honek egunez egun erakusten duen euskaraz bizitzeko nahia baizik», oharrean dioenez.

Euskararen kontrako erasoari baina, «milaka eta milaka euskaltzaleren haserrea eta ito nahi izan zuten euskaraz bizitzeko borondate irmo eta sendoak» erantzun zion Donostian egin zen manifestazio erraldoiaren bidez, beste herrialdeetatik etorritako hainbat elkartasun adierazpenekin batera, nabarmendu du EHEk oharrean.

Estatua, «erasoen erantzulea»

«Egunkaria»ren kontrako operazioarekin, Estatuak Euskal Herria asimilatzeko prozesuan «urrats kualitatiboa» eman zuela adierazi, eta beraz, «erantzule nagusia» Estatua dela baieztatzen du EHEk.

Hizkuntza galtzen duen herriak nortasuna ere galtzen duelako jakitun, «hizkuntza ordezkapenaren bidez menderatu nahi izan dute Euskal Herria», horren arabera azaltzen du eragile euskaltzaleak «Egunkaria»ren aurkako erasoa, euskara eta euskalgintza «jomugan» duela zehaztuz. «Asko eta askotarikoak izan dira erasoak, alta, egundaino ez dute menderatu herri honek euskaraz bizitzeko agertu duen nahia», hain zuzen ere, herri mugimendu antolatua aurrean izan dutelako ez dute hori lortu, EHEren hitzetan.

Estatu espainolaren kriminalizazio saiakera horiei aurre egin eta Euskal Herria berreuskalduntzeko, herritar euskaltzaleek kaleak har ditzaten deia egina zuen EHEk, izan ere, «ezinbestekotzat» jotzen dute aurrera urratsak emanez euskaraz biziko den herria irudikatu eta birsortzea, euskarazko hedabideak erabiliz, defendatuz eta lehenetsiz, besteren artean.

elkarretaratzeak

Gobernu espainolak Gasteizen duen ordezkaritzaren aurrean hamar lagun bildu ziren. Iruñean berrogei bat lagun bildu ziren. Euskal Herriko beste hainbat auzo eta herritan ere egin zituzten ekintzak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo