GARA > Idatzia > Euskal Herria

Hamabost urteko gazte bat atxilotu dute Getxon, ustez emakume bati erasotzeagatik

GARA | BILBO

Hamabost urteko gazte bat atxilotu dute Getxon, ustez, urtarrilaren 4an, gau partean, etxerako bidean zihoan emakume gazte bati eraso egitea egotzita. Getxoko Udalak, ohar baten bidez, gertatutakoaren berri emateaz gain, jazotakoa gaitzetsi du. «Emakumeek eskubide osoa daukate kaletik ibiltzeko eta honelako indarkeriarik pairatu gabe», nabarmendu dute.

Herri honetako Udaltzaingoak atzeman zuen ustezko erasotzailea, eta Adingabeen Fiskaltzaren eskuetan utzi dutela jakinarazi dute.

Erasoa urtarrilaren 4an jazo zen, gaueko hamaikak aldera. Emakume gaztea bere etxe ingurura iristen ari zela, atxilotuak, 15 urteko mutilak, bere gainera jauzi egin zuen, eta hitzik esan gabe, emakumeari gorputz osoa ukitzen hasi zitzaion, indarrez eusten zion bitartean.

Emakumeak askatzea lortu zuen, ordea, eta ustezko erasotzaileak ihes egin zuen orduan. Emakumeak salaketa jarri zuen eta ondorengo ikerketei esker, Getxoko Udalak adierazitakoaren arabera, ustez argitu dute erasotzailea zein den.

Berdintasunerako arduradun Keltse Eiguren zinegotziak jazotakoa irmoki gaitzetsi zuen. Era berean, «emakumeek kaletik askatasun osoz, era honetako indarkeriarik pairatu gabe» ibiltzeko duten eskubidea defendatu zuen.

«Sexu indarkeria giza eskubideen urraketa larria da, oinarrizko askatasuna urratzen duena», adierazi zuen Eigurenek. Horrekin batera, indarkeria matxista, fisikoa edota psikikoa, jasaten duten emakumeei eskatu zien salaketa jar dezatela.

Bilbon beste atxilotu bat

Bestalde, atzo arratsaldean, Ertzaintzak 30 urteko gizon bat atzeman zuen Bilbon, bikotekidea kolpatzea egotzita. Lakuako Barne Sailak adierazi zuenez, bikotearen etxebizitzan arratsaldeko ordu bietan hasi zen liskarra, baina emakumeak bostak arte ez zion Poliziari abisua eman.

Zenbait ertzain bikotearen etxebizitzara abiatu ziren, eta biktimak esandakoaren arabera, atxilotutako horren eskutik beste aldiren batean ere erasoak jasan zituen, nahiz eta horren gaineko salaketarik ez zuen inoiz jarri.

Ertzaintzak indarkeria matxista egotzita 30 urteko gizona atxilotu zuen. Emakumea, aldiz, ospitalera eraman behar izan zutela jakinarazi zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo