Australiako Irekia
Belaunak eta Andy Murrayk kalera bota dute Rafa Nadal
Eskoziarrak oraindik ez du setik galdu. Roddicken borrero Cilic kroaziarraren aurka jokatuko du finalerdietan.
Arnaitz GORRITI
2009ko Australiako Irekiko irabazleak, Rafa Nadalek alegia, etxerako bidea hartu zuen atzo. Andy Murray eskoziarraren aurrean amore eman behar izan zuen Mallorcako gizonak. Aurreneko bi setetan 6-3 eta 7-6 -7-2 tie-breakean- eta hirugarren ekinaldian, 3-0 galtzen ari zela, neurketa bertan behera uztea deliberatu zuen. Aurkariaren jokoa ez ezik, eskuineko belaunean sentitzen zuen mina larregi izan zen Nadalentzat.
«Bigarren setaren amaieran ziztada bat sentitu nuen eta handik aurrera garbi ikusten nuen zerbait gaizki zihoala», adierazi zuen iazko Australiako Irekiko irabazleak. «Ez dut partidak bertan behera uztea gustuko, baina ez nuen iraganeko hanka-sartzeak burutzerik nahi. Tristea da, baina hala jazo da. Murrayri ere barkamena eskatu diot», gaineratu zuen.
Horren ondorioz, Novak Djokovicen mesedetan, ATP zerrendako bigarren postua galduko du Manacorreko tenislariak, eta hirugarrena ere gal lezake Andy Murrayk finalerdietan Marin Cilic kroaziarrari irabazten badio. Esan behar tenislari eskoziarrak torneo honetan ez duela set bakar bat ere galdu eta, bada, berak izan behar luke faborito, baina argi ibili beharko du Cilicekin. Andy Roddcik estatubatuarra kalera bota baitu bost setetan: 7-6 -7-4-, 6-3, 3-6, 2-6, 6-3.
Henin, ongi baino hobeto
Emakumeei dagokienez, Justin Henin nabarmendu behar da. Berriz jokalari profesional izateari ekin eta dagoeneko finalerdietan sartu da, Nadia Petrova 1. serieburuari 7-6 -9-7- eta 7-5 gailendu ostean. «Gau oso txarrak pasa ditut eta nekaturik nago, baina borrokarako espirituak nigan dirau», adierazi zuen waloiak.
Bere aurkaria Txinako Jie Zheng izango da, Maria Kirilenko errusiarrari sekulako jipoia eman ondoren, 6-1 eta 6-3, finalerdietan sartu baita, Na Li bere herrikideak egin duen moduan.
Australiako Irekia irabazi ostean hasi zen Nadalen lesio gurutzebidea. Hala, urtebeteren buruan, ATPko aurreneko postutik hirugarrenera jaitsi da, eta laugarrenera eror liteke Andy Murray finalera sailkatzen bada.
Munduko 60 onenen artean sartzea lortuko du Justine Heninek. Jie Zheng txinatarra, berriz, 20 onenetan kokatuko da datorren astelehenetik aurrera. Alabaina, Henin izango da bien arteko finalerdiko faboritoa.