Laura Mintegi idazlea
Avatar, Pandoratik Txilera
Avatar. Goizetik dut hitza ahosabaian itsatsita. Avatar. Ez dakit zer amestu dudan bart, baina hitza neure baitatik kendu ezinik nabil egun osoan. Lurraren jabegoaren aldarrikapena erromantikoa da pantaila handian, hiru dimentsiotan, screen erraldoian, protagonistak urdinak direnean, buztan jostalaria eta begi handi-handiak dituztenean. Erromantizismoa amaitu egiten da, ordea, paisaia Pandoratik Hego Amerikako lurraldeetara igarotzen denean, eta protagonistak Na'Vi liluragarrien ordez gizaki txiki eta ilunak direnean, metro eta erdiko indigena guarani, yanomami, aymara edo maputxeak... talde txikiak eta txikiagotuak, arbasoen lurraldetik joanarazi nahi dituztenak.
Pandoraren ordez jar dezagun Txile. Desiratutako baliabide naturala ez da mineral miragarria, ur-ondasuna baizik. Eta berau eskuratu nahi dutenak ez dira marineak, ENDESA enpresa espainiarra baizik, Bio-Bio ibaiaren hasieran bigarren zentral hidroelektrikoa eraiki nahi duena. Indigenak ez dira Na'Vi izenekoak; maputxe-pehuentxeak dira, eta uko egiten diote beren lurra uzteari, CONADI (Corporación de Desarrollo Indígena) legean oinarrituta. Demagun aktibisten arazoa ez dela arbasoen milurteko zuhaitza bota ez dezatela, baizik eta ur-presa batek arbasoen lurrak ito ez ditzala.
Atzerritar batek bat egin du natiboen kausarekin, Jake Sullyk, zurien leinukoa baina bihotza indigena duena, Naytiri indigenarekin maitemindu delako. Botere militarrak ezin du ontzat eman atzerritar batek indigenen alde lerrokatzea eta Jake zuria suntsitzen saiatuko dira, bortizki.
Ez dakit zuek, baina nik Avatar entzun, eta Asel Luzarraga ikusten dut, Vanessa ederrari besarkatuta.