GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Lakuako Barne Sailera ere ez da «aldaketa» iritsi

Berritasun gisa eta Gobernu aldaketari lotua azaldu dute Gasteizko Gobernuak eta PSEk atzo Bizkaian eta Gipuzkoan egindako polizia operazioa. Hala ere, propagandatik harago, PSEk meritu handiak egin beharko ditu aurrerantzean Barne Sailean jelkideen markak gainditzeko. Izan ere, Ertzaintzaren «eraginkortasuna» lehendik ere frogatua zuten 200 tortura salaketak eta haren eraginaren ondorioz hildakoek. Oroimen arazorik badute, hemeroteka eskura izatea komeni zaie, horretara gogoratuko lukete Ertzaintzak orain dela urtebete baino gutxiago, baina Gobernu berria eratu baino lehentxeago, zenbait gazte atxilotu eta inkomunikazioa ezarri ziela, protokoloak eta horrelako «huskeriak» ahaztuta, atzokoan bezalaxe. Eta gogoratuko lukete, halaber, atxilotu haiek ondoren tortura latzak salatu zituztela.

Ez dirudi atxilotuek jasan dezaketen tratua denik Gasteizko Gobernuko kideak eta PSEren buruzagiak gehien kezkatzen dituena, ordea. Aitzitik, inkomunikazioa zuzenbidearen araberako tratua ez izateko aukera ahalbidetzen duen tresna nagusia izanda, Gobernu horren apustua da, aldi berean bere Barne Sailaren «eraginkortasuna» bermatzeko tresna nagusia baita. Atzoko operazioak oso gutxi du berritik. Zoritxarrez, aspaldiko -ohiko- gabezia demokratikoak gogorarazten ditu eta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo