Epailea izendatzeko Jon Anza Kolektiboak egindako eskaera ezeztatu egin du fiskalak
Militante donostiarraren desagertzeari buruz aste honetan azaldutako datu berrien karietara, Jon Anza Kolektiboak deliberatu du liburuaren egilearekin harremanetan jartzea. Ez hori bakarrik, kasua daraman Baionako fiskalari ere hitzordua eskatuko diote, batez ere, ikerketa epaile baten gain utz dezala exijitzeko. Bestalde, Michele Alliot-Marie Justizia ministroaren «erantzukizuna» nabarmenduta, gertatutakoa behingoz argitu dezala eskatu diote berriro ere.
Arantxa MANTEROLA |
Aste honetan militante desagertuaren inguruan azaldu diren berrien harira, kasuaz arduratzen den Anne Kayanakis fiskalari hitzordua eskatuko diola adierazi zuen Jon Anza Kolektiboak atzo, Baionan. Arratsaldean, alta, fiskalak jada ezezkoa eman zion eskaerari.
Jacques Massey idazlea ez dutela ezagutzen argi utzi ostean, hark bere liburuan aurreratutako datu berriek «harridura» eragin dietela gaineratu zuten, batez ere aintzat hartuta, Poliziaren ikertzaileek diotenez, eurek ez dutela inolako informaziorik lortu. Masseyren baieztapenak GARAk eta «Le Monde» egunkariek argitaratutako bertsioaren ildoa berresten dutela uste du Kolektiboak.
Liburuan «polizia zerbitzu zehatzak» aipatzen direlarik inolako erreakziorik ez izana salatu zuten Anaiz Funosas eta Michel Berger kideek Kolektiboaren izenean: «Berriro ere, isiltasuna, isiltasun ikaragarria izan da erantzun bakarra».
Hala eta guztiz ere, Anzari gertatutakoa argitzeko lanean dihardu taldeak, eta ez du geldirik geratzeko asmorik. Masseyrekin berarekin harremanetan jartzekoak direla adierazita, Baionako fiskalari ere hitzordua eskatuko diotela jakinarazi zuten.
«Ikerketaz eta orain artean azaldutako datuez mintzatzeaz gain, berehala epaile bat izendatu dezala exijituko diogu» iragarri zuten, Juan Mari Mujikaren bahiketaren kasua daraman epaile bera izateko eskatuko dutela gaineratuta.
Afera epaile baten gain jartzearekin ikerketak aurrera egin dezakeela uste osoa dute. «Gainera, familiak eta abokatuek ikerketako xehetasunak ezagutzeko parada izanen dute horrela», esan zuten Kolektiboko bi ordezkariek.
«Garbiketa egiten?»
Bestalde, Anza desagertu zenetik bederatzi hilabete igaro direnean, Michele Alliot-Marie Justizia ministroaren (garai hartan Barne ministroa) «erantzukizuna» nabarmendu zuten. «Zertan ibili da denbora honetan guztian? garbiketa egiten?» galdetu, eta berriro ere exijitu zuten egia esan dezala.
AB, Batasuna, LAB, Segi, Askatasuna, Giza Eskubideen Defentsarako Euskal Herriko Batzordeak, Anai Arteak eta Anzaren lankideek osatzen dute Kolektiboa. Abenduan Parisen egindako biran hasitako lana sakontzen segitzen dutela azaldu zuten. «Helburua, guztien artean -prentsa, parlamentariak, politikariak, giza eskubideen aldeko erakundeak- Joni gertatutakoa argitzeko presioa areagotzea da; era horretan, bere ardurari aurre egitera behartu dezakegu ministroa», erran zuten.
Masseyren liburua
Atzo hizpide izan zituzten datuak «Le Journal du Pays Basque» egunkariak asteazkeneko edizioan ezagutarazi zituen. Jacques Massey kazetari frantsesak aste batzuk barru ETAri buruz Flammarion argitaletxean plazaratuko duen liburuaren epilogoan Jon Anzaren desagerpenari buruz hainbat aipamen egiten ditu.
Zehazki, idazleari bere informatzaile batek -nor den ez du argitzen- adierazitakoaren arabera, Polizia espainoleko CGI (Informazio Orokorreko Komisaria) legoke Jon Anzaren desagerpenaren atzean. Harago joz, «aferari buruzko telefono entzuketak» ere izan dira, gaineratzen du, «nahiz eta txosten ofizialik ez dagoen».
Jon Anza Kolektiboak ofizialki eskaera egin baino lehen, irrati baten galderei erantzunez, Baionako fiskalak ezezkoa eman zion atzo eskaerari, epailea izendatzeko bezainbeste zantzu ez omen dituelako ikusten, ezta liburuaren argitaratzearekin ere.