GARA > Idatzia > Mundua

KRONIKA | Munduko gizarte foroa

Porto alegre, ekonomia solidarioaren erakusleihoa

Munduko Gizarte Foroa dela-eta jarritako azoka txiki bat erabil ge-nezake Porto Alegren (Brasileko hegoaldean) bildutako altermundialistek proposatzen dutena irudikatzeko, Davosen (Suitza) bildutako boteretsuek bultzatzen duten ereduari kontrajarria.

p024_f01_199x096.jpg

Yana MARULL France-Presse

«Beste ekonomia bat aplikatzen ari gara» dioen amantal garbi-garbi bat aldean daramala, harrotasun puntu batekin erakusten ditu Leide Da Silvak labetik atera berri dituen opiltxoak.

Elkartasunaren Zaporea izeneko kooperatiban egiten du lan, duela hamar urte sortu zena Brasileko hegoaldeko hiri satelite batean, non «emakume txiroak ginen, eta lan munduan diskriminatu egiten gintuzten, besteak beste seme-alabak genituelako eta ezin genituelako lanaldi luze haiek bete», baieztatzen du.

Emakume hauek hilean 100 orduz egiten dute lan, lanaldi erdia, eta irabazten duten soldata erdi horren bitartez lortzen dute aurrera egitea: «Ekonomia solidarioak diskriminatzen ez duelako eta inbertsio handirik eskatzen ez duelako funtzionatzen du», azaltzen du.

Ekonomia mota honen inguruan tesi bat egiten ari d Jai Bezerra Massaut, eta haren iritziz, «ekonomia solidarioa aldirietako herritar txiroenen artean erreferentzia da. Pobrezia eta miseriaren aurrean aukera bat eskaintzen du».

Urte batzuk joan dira jada Brasileko eskualde honetan ekonomia solidarioaren eredua abian jarri zenetik eta, horren karira egiten diren hainbat azokek kontsumitzaile eta ekoizleen arteko sareak eratzea ahalbidetu dute, «gizatiarragoa», gizartearekiko eta ingurumenarekiko sostengagarriagoa den merkataritza bultzatuz.

Zabalkundea

Ekonomia eredu honek izan ohi duen eskala txikia gainditu daitekeen erakusgarria dugu Justa Trama izeneko kooperatiba, zeinak herrialdeko beste kooperatiba batzuekin arropa ekologikoa ekoizten duen. Beste proiektu batzuk esportatu ere egiten dituzte.

Buenos Aireseko argazkilarien lana erakusten ari den Gabriela Mitdieri gazte argentinarrak adierazten duenaren arabera, «monopoliorik gabeko mundu bat» defendatzen dutenen topalekua da Munduko Gizarte Foroa.

Iaz Amazoniako Belem hirian egin zituzten topaketa hauek, eta horien karira, moneta berri bat sortu zen, Amazonida izenekoa. Brasileko komunitate txiroenek sistema hau ezarria daukate jadanik.

Oraingoan, Porto Alegreko Munduko Gizarte Foroan, «elkartrukerako espazio» bat dago indarrean, diruaren erabilera saihesten duen sistema.

«Ekonomia solidarioaren ezaugarriak aldatu egiten dira leku bakoitzean. Herrialde aberatsetan, adibidez, zerbitzuen elkartrukeak eta bidezko merkatuek oso ondo funtzionatzen dute», dio Rosana Kirchek, gai horren inguruko Foro baten koordinatzaileak.

«Ekonomia solidarioak helburu sozialak ditu, baina proiektu ekonomiko eta politikoa ere bada, baliabideetarako sarbide demokratikoagoa eta langabezia dela-eta estatu burgesak dituen arazoak erreformatzea ahalbidetzen duelako», argitzen du.

Azoka honetako produktuek ez dute markarik, gehienak naturalak edo birziklatutakoak baitira. Kalean, jai giroa da nagusi, musikari solidarioek alaitzen baitute eguna.

Hainbat herrialdetatik iritsitako 20.000 ekintzaile bildu dira Porto Alegreko Munduko Gizarte Foroan, sistema kapitalistaren aldaketa aldarrikatzen duen gizarte zibil antineoliberalak antolatzen duen ekitaldirik jendetsuenean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo