ELAko ehunka ordezkarik babesa eman diete Ariznabarrako langileei
GARA |
ELA sindikatuko ehunka delegatuk ekitaldia eta manifestazioa egin zuten atzo Gasteizen, Adolfo Muñoz idazkari nagusia buru zutela, Ariznabarra egoitzako langileei babesa emateko. Izan ere, ia bi urte dira langile horiek beren lan baldintzen defentsan greba abiatu zutenetik.
Ekitaldia Arabako Aldundiaren egoitza nagusiaren aurrean egin zuten ELAko kideek, eta bukatutakoan manifestazioan ibili ziren hiriko erdiguneko kaleetatik. Hain zuzen, Ariznabarra zahar-egoitzako langileek Xabier Agirrek zuzentzen duen Aldundiari leporatzen diote beren egoera konpondu ez izanaren errua, izan ere, iragan astelehenean prentsaren aurreko agerraldian adierazi zutenez, beraiek akordio bat daukate egoitzaren kudeaketa bere gain hartu nahi duen eta horretarako baldintzak betetzen dituen enpresarekin, baina Aldundiak ez du hori gauzatzeko pausorik ematen. «Arazoa ez da ekonomikoa, borondate politikoa baizik» aipatu zuten, eta «euro bat gehiago jarri gabe Ariznabarrako egoerak irtenbidea dauka», azaldu zuten.
83 plaza bete gabe
Gaur egun, Gasteizko Ariznabarra egoitzan, non azken ardura Aldundiak duen, 83 lagunentzako lekuak bete gabe daude, nahiz eta ia 300 lagunez osatutako itxaron-zerrenda dagoen.