Manifestazioa Mutrikun, kaleratzeen kontra
GARA |
Mutrikuko Metrec-Motric enpresako langileek deituta, manifestazioa egin zuten atzo arratsaldean Mutrikun aipatu enpresako zuzendaritzak 30 langile kaleratu nahi dituela salatzeko, eta bertan bizi duten egoera publiko egiteko. Azaldu zutenez, Metrec-Motriceko langileen erdiak gal lezake bere lanpostua zuzendaritzaren asmoak betez gero.
Mutrikukoa ez zen izan lan-gatazkak direla-eta atzo egindako mobilizazio bakarra. Besteren artean, ELA eta LABek deituta greba eguna izan zuten atzo anbulantzien sektoreko langileek, lan-hitzarmen «duin» bat aldarrikatzeko. Grebaren jarraipena %80koa izan zen sindikatu hauen arabera. Patronalaren jarrera salatzeaz gain, Lakuako Gobernuaren papera ere deitoratu zuten eta «arduragabe» aritu dela esan zuten.