GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Xabier Izaga | Irakaslea

Aldaketa, gezurrak eta bideo zintak

Ez da sinesten erraza, baina arrazoi zuen Patxi Lopezek. Oraindik ere konturatu gabe geunden arren, barneratuta geneukan aldaketa (onartu beharra daukagu euskaldunok astazakil samarrak garela). Eta aste honetan Ertzaintzaren operazioak begien bistan jarri du aspaldiko aldaketa, tximistaren pare gertatu dena. Hain bizkor non Lopez, Ares eta enparauek gobernua osatu baino dezente lehenago barneratuta geneukan. Gertatzen zen, ordea, bazutela komunikazio arazo txiki bat; hala ere, aste honetan hori ere konpondu dute zenbait lagun atxilotu bezain laster inkomunikatuz. Izan ere, inkomunikazio arazo bat dagoenean komunikazioa lortu behar den era berean, komunikazio arazoak inkomunikazio bitartez konpondu behar dira. Nabari da batzuek burua txapela eramateko baino zerbait gehiagorako dutela.

Aldaketa gertatu dela esan eta segituan erakutsi, hori da hori eraginkortasuna. Protokoloak eta ostiak... Aldaketa zer den ikusiko dute, ikusiko dutenez, pentsatuko zuen Rodolfok. Eta NBEren, Amnesty Internationalen eta torturaren aurkako talde guztien gomendioak indarrean jarri ditu halako batean. Nik telebistan ikusi nuenean polizia-film estatubatuar horietako bat zela uste nuen, baina ez, hemen ondoan zuzenean grabatutako atxiloketak ziren. Talde antiterrorista berezia trebatu bezain laster, bost indigena harrapatu eta hi! ez dakizuela okurritu ere egin inoren gainean eskurik jartzea kamera piztu baino lehen. Nola arraio pizten duk traste hau...? Klik! Eta Espainia eta mundu osoan ikusi zuten atxiloketa garbia, Tarantino barregarri geratuta.

Kostata baina azkenean terroristen salaketa faltsuak agerian utziko dituzte. Ospitaleratzeko ere kapaz direnen tortura salaketak egiteko ohitura itsusi hori larrutik ordainduko dute aurrerantzean.

Hori bai, pena da kameran pelikula motza jarri izana, gustura ikusiko genukeen-eta nola esaten dieten ez deklaratzeko eskubidea dutela, ziegara kafe bero-beroa eta kruasana eramaten dizkietenean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo