GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Floren Aoiz | www.elomendia.com

Irekia? Putxerazoa 2.0

Parte-hartzea goraipatuz, herritarrek parte hartzeko benetako aukerak mugatu nahi dituzte. Nola bideratuko du herritarron parte-hartzea bere kargua herritarron parte-hartzearen ukapenari zor dion norbaitek?

Internet gauza handia da. Sareak mundu mailako komunikazio zirkuitua ahalbidetu du. Komunikazioa bera eta pertsona nahiz taldeen arteko harremanak aldatzen ari dira Interneti esker. Errealitatea ez ezik, errealitateari so egiteko moldeak ere aldarazi ditu sareak

Baina, kasu! Afera guzien konponbide gisa aurkezten diguten arren, komunikazio eremu paradisiakotzat jotzen badute ere, ez dago inperioaren logikatik at. Ez da esparru birtual liberatua. Inperioak sorrarazi du Internet. Eta garatu da inperioaren interesak bermatu nahian. Beste gauza bat da beste batzuek ere tresna hau baliatzea, baina finean kapitalismoaren parametroetan abiatu eta garatutako fenomeno baten aurrean gaude. Kosmopolitismo, globalizazio eta unibertsalismoen mitoetan oinarrituta, bai, baina maila handi batean inperioak ezarritako bideetatik doana.

Esaterako, nork erabaki du munduko hizkuntza nagusia ingelesa izatea? Nork hautatu du ingelesa mundu mailako komunikaziorako tresna? Zergatik da ingelesa teknologiaren hizkera nagusia? Nork hautatzen ditu teknologiak, protokoloak, kode hizkerak...? Nork erabakitzen du «.eus» baimentzea ala ez? Inperioaren logika da hori dena. Ekonomia, ideologia, kultura, hizkuntza, mundua ikusteko era zehatz bat dagoelako Interneten sorkuntza eta kudeaketaren atzean. Negozioa eta inperioaren beste baloreak nagusitzen dira, inoiz ezagutu den demokratizazio saiorik handienaren irudiaz bada ere.

Askotan aipatzen den «2.0» totem berriak ordezkatzen ditu Internetek eskaintzen omen dituen demokrazia tresna eta esparru berriak. Parte-hartzea, iritzien elkartrukatzea, adierazpen askatasuna... Ipuin ederrak kontatzen dizkigute. Sarea demokratikoa da, Txina eta «demokrazia»ren beste etsaiak Interneten askatasunaren aurkakoak dira... Nor eta Obama agertu zaigu demokratizazio saio horien eredu! Jende xumeak eraman zuen Obama Etxe Zurira, dirua bilduz eta sarean egindako ahaleginei esker.

Ipuinetatik kanpo, herritarrek ez dute inperioaren burua hautatzen. Inperioek ez diete beren menpekoei tresna demokratikorik eskaintzen. Ipuinetatik kanpoko munduan herritarrek esparruak irabazi behar dizkiote inperioari. Eta hauxe da Interneten ere gertatzen ari dena. Sarea ulertzeko eta gauzatzeko irizpideen arteko talka nabarmena da, inperioak ezin du dena kontrolpean eduki, eta egia da gaur egun Internetek aukera ederrak eskaintzen dituela ideien zirkulaziorako eta herritarren arteko bestelako harremanak lantzeko. Egia da batzuk aukera hauek baliatzen saiatzen ari direla/garela inperioaren ereduari aurre egiteko. Izan ere, aurrerapen teknologikoak inperioak erraz menperatzen ez dituen tresnak ere ekarri ditu.

Patxi Lopez ez doa bide horretatik, ordea. Bere azken txiringitoa, «irekia», «2.0» ikurraren beste erabilera bat da. Inperioak nagusiarazi nahi duen ereduaren adierazpena. Parte-hartzea goraipatuz, herritarrek parte hartzeko benetako aukerak mugatu nahi dituzte. Nola bideratuko du herritarron parte-hartzea bere kargua herritarron parte-hartzearen ukapenari zor dion norbaitek?

Kiratsa estaltzeko diseinuzko lurrina. Iruzurra mozorrotzeko jantzi modernoa. Hau ez da demokrazia 2.0. Honek beste izen bat dauka: putxerazoa 2.0!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo