GARA > Idatzia > Euskal Herria

Atez ateko bilketa egiten jarraitu nahi duten ala ez argituko dute Usurbilen

Ohiko zabor bilketa alde batera utzi eta atez ateko sistema ezarri zutenetik ia urtebete denean, erreferenduma egingo dute Usurbilen. 2008an zaborren %29 baino ez zuten bereizita jaso, eta %71 zabortegira bidali zuten; gaikako bilketa martxan jarri eta lau astera, berriz, hondakinen %86 birziklatu zuten.

p019_f0233514.jpg

Janire ARRONDO

Dagoeneko hamar hilabete inguru pasatu dira egitasmoa martxan jarri zenetik, eta gaikako zabor bilketaren gaineko iritzia emateko aukera izango dute Usurbilgo bizilagunek. Atez ateko zabor bilketaren sistemarekin ados ez zegoen herritar talde batek sortutako plataformak hala eskatuta ¯ia 800 sinadura aurkeztu zituzten Udalean¯ eta Ministro Kontseilu espainolak baimena emanda, otsailaren 27a eta 28a izango dira honako galderari erantzuteko egunak: «Zein bilketa sistema nahi duzu Usurbilerako?». Erantzuteko, berriz, herri eragile talde baten eta Udalaren artean adostu bezala, hiru aukera posible izango dituzte: «atez atekoa», «orain arteko sistema» ala «orain arteko sistemari bosgarren edukiontzia, gai organikoena, gehituta». Erantzun bakoitzeko boto-paper bat izango da; hiru boto-paper beraz, herritarren eskura.

Ohiko hauteskundeetan bezala, herri galdeketa gauzatzeko egunak baino lehenago kanpaina egiteko hamabost eguneko tartea zabalduko dute; otsailaren 11ko gauerdian hasita, otsailaren 25eko gauerdira arte. Denbora tarte horretan, alde eta kontrako taldeek euren mezu eta ideiak helarazi ahal izango dizkiete herritarrei.

Udalak jakinarazi duenez, emaitzak igande gauean bertan zabalduko dituzte, eta legez loteslea izan beharrik ez badu ere, iazko maiatzeko osoko bilkuran emaitza loteslea izatea erabaki zuen Udalbatzak. Gaur egun esku artean dituzten datuak atez ateko zabor bilketaren aldekoak dira. Izan ere, sistema hau martxoan martxan jarri, eta hiru hilabetean %80 baino gehiago birziklatua izan zen; 2008an ordea, ohiko zabor bilketarekin, soilik hondakinen %28,42 izan zen berrerabilia. Gaikako bilketarekin hasi eta hamabost egunera, bestalde, Lapatxeko (Azpeitia) konpostatze plantara hamaika tona gai organiko gehiago eraman zituzten.

Aurreko prestaketak

Herritarren iritzia jasoz emango diote amaiera Usurbilen duela ia urtebete hasitako bideari. Orduan, kaleetatik zabor edukiontziak kendu eta hondakinak gaika ateratzeko etxeetako atarietan esekitokiak jarri zituzten. Ordutik, papera, plastikoa, gai organikoa eta erreusa ¯birzikla ez daitekeena¯ bakoitza bere aldetik ateratzen dute bizilagunek; beira, berriz, kaleko ohiko ontzietan jasotzen dute. 6.000 biztanle inguru dituen herri hau izan zen Euskal Herrian honelako hondakin-bilketa sistema ezartzen lehena, eta lortu dituen emaitzak ikusita, beste hainbat herrik ere agertu dute sistema bera ezartzeko interesa, tartean Hernani eta Oiartzun.

Sistemak orokorrean usurbildarren artean harrera ona izan bazuen ere, aurka agertu zen herritar talde batek erreferenduma egiteko eskaria egin zuen. Beraz, Udalbatzak galdeketa egiteko konpromisoa hartu zuen. Uda baino lehen herritar talde batek galdeketaren edukia prestatu eta testuak Udalbatzari proposatu zizkion, udal ordezkariek eztabaidatu eta bilkuran bozka zezaten. Falta zena erreferenduma egiteko Gobernu espainolak eman beharreko baimena zen, eta azaroan jaso zuten baiezkoa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo