Lorentxa Guimon, hilabete gose greban, oinarrizko eskubideak aitor diezazkioten
Gaur, Adierazi Euskal Herria ekimenak eskubide zibil eta politikoen aldeko aldarrikapena egingo du. Izan ere, ekimen horrek badu izateko arrazoirik, ideia politikoen jazarpenetik torturara, eskubide eta askatasunen urraketa etengabea baita, eta aste hau urraketa horren erakusgarri izan da: «Egunkaria auziko» saioak, Gatzaren askatasuna aldarrikatu zuten ekitaldiagatik auzipetutakoen kontrako epaiketakoak, Ertzaintzaren operazioan atxilotutakoen inkomunikazioa. Aste honetan, halaber, espetxe politika salatzeko, euskal preso politikoek, hilaren 4an hasi zuten borrokaldiaren testuinguruan, gose grebari ekin diote. Eta borroka bide gogor horrixe heldu beharrean aurkitu zen Lorentxa Guimon Roanneko kartzelan duela hilabete, bere senarra, Lannemezanen preso, ikusi ahal izateko; biek beren alabarekin egon ahal izateko; bere senide guztien bisitak jaso ahal izateko. Sakabanaketa eta ezartzen dizkieten bizi-baldintza gogorrak euskal presoen onerako direla esatera iritsi dira estatuen ordezkariak, zinismo ikaragarria erakutsiz, euskal presoek batzuetan dagozkien eskubideak errespetatzeko beren osasuna eta are bizia ere arriskuan jarriz eskatu behar baitute.