GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Sokatira Euskal Herriko Txapelketa

Abadiño eta Badaiotz iragarpenak betetzera joango dira Aramaiora

p045_f0231933.jpg

J.L.

Gaur amaituko dira 600 eta 540 kiloko jardunaldiak. Aramaioko pilotalekuan izango dira saioak 17.00etatik aurrera. Gaur arratsaldean jokatuko dena ligaxkako hirugarren eta azkeneko jardunaldia izango da.

Mutiletan, 600 kilotan, alegia, Abadiño doa sailkapeneko lehen postuan, baina puntu bakar batera dauka Amaiur, eta hiru puntu eta erdira, berriz, Ñapurrak. Beraz, esan daiteke, txapela Abadiñoren eta Amaiurren artean egongo dela. Txapela segurtatzeko, bizkaitarrek nafarrek baino postu bat aurrerago amaitu behar dute, bestela berdinketa egongo litzateke. Amaiurrek, irabazteko, berriz, bi posturen aldea atera behar dio. Lehen jardunaldian bi taldeak berdinduta geratu ziren lehen postuan, eta bigarrengoan, berriz, bizkaitarrak hartu zuten aurre. Aipaturiko hiru taldeez gain, Abadiño B, Sokarri, Berriozar eta Barrundia ere lehiatuko dira.

Nesketan, 540 kilotan, alegia, Badaiotz, Sakana, Beti Gazte eta Ibarra lehiatuko dira. Pisu honetan lehen postua ia segurtatuta dago. Badaiotzek orain arteko bi saioak irabazi ditu, eta bi puntu eta erdiko aldea kentzen die Sakanari eta Beti Gazteri. Txapela galtzeko, azkena atera beharko luke talde gasteiztarrak, eta horrek ezinezkoa dirudi, gainerakoei alde nabarmena ateratzen baitie.

Lehia polita agertzen da bigarren posturako, izan ere Sakana eta Beti Gazte berdinduta daude, eta bietan aurretik geratzen denak lortuko du bigarren postua. Ibarrak ia ezinezkoa izango du azken postua uztea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo