GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora Urrezko lehiaketa

Final-laurdenetarako txartela jokoan, Zerainen

Donato eta Ohian Larretxea Azurmendiren eta Ugartebururen aurka neurtuko dira 19.00etatik aurrera.

p045_f0147907.jpg

Jon LEUNDA

Urrezko Aizkoran gaur amaituko da lehen fasea, eta final-laurdenak abiatuko dira bihar. Hortik aurrera, galtzen duena etxera joango da, eta deskuiduek ez dute balioko.

Gaur, Zerainen izango da jaialdia, 19.00etatik aurrera. Bertan lehen faseko azkeneko saioa jokatuko dute Ohian eta Donato Larretxeak Ugartebururen eta Azurmendiren aurka. Hau galtzen duenak kanpoan geratzeko aukera asko izango ditu, izan ere, multzo hau nahikoa korapilatuta dago.

Etxebeste eta Olasagasti dira multzo honetako besteak, eta haiek aurreko bat irabazi eta bestea galdu egin zuten. Galdutako hura, ordea, oso alde txikiarekin galdu zuten, eta irabazi, berriz, alde handiarekin. Beraz, sailkapena eskuetan dute.

Larretxeatarrak jokatutako bakarra irabazita datoz, baina oso alde txikiarekin lortu zuten garaipena. Gaur irabazita, multzoko lehenengoak izango lirateke, eta bigarren Etxebeste eta Olasagasti geratuko lirateke. Gaurko norgehiagoka, Azurmendik eta Ugarteburuk irabaziko balute, orduan denborak begiratzen hasi beharra legoke, hiru bikoteek puntu bana izango bailukete, baina igeldoarrek ia eskuetan dute txartela.

Zilarrezko Mailan, berriz, Dorronsoro eta Irazabal Alkizalete anaien aurka neurtuko dira. Dorronsoro Zeraingoa da, eta gaur bere zaleen aurrean maila ematen saiatuko da Bizkaiko Bigarren Mailako txapelduna alboan duela.

Aurrean Alkizalete anaiak arituko dira, eta saiatuko dira Dorronsoreren ilusioak zapuzten. Maila honetan ere kalera joango da galtzen duena. Bihar Mallabian final-laurdenak abiatuko dira, eta lehen kanporaketan, Lopez eta Mugertza II.a Atutxaren eta Rekondoren aurka neurtuko dira. Lehia oso estua agertzen da saio horretan, baina zaleek azken bikoaren aldeko joera dute. Atutxa eta Rekondo lantegi honetan primeran moldatzen dira, eta haiek mendean hartzekotan, lan asko egin beharko dute besteek. Lehen fasean beren multzoan lehenak izan dira, jokatutako saio guztiak irabaziz, eta itxura ere oso ona eman zuten. Lopezek eta Mugertza gazteak ere oso bikote sendoa osatzen dute.

Zilarrezko mailako kanporaketa ere jokatuko da Mallabian, eta bertan Erdozia eta Saralegik II.a Mendietaren eta Garitaonaindiaren aurka neurtuko dituzte indarrak.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo