Agin Rezola, Infozazpi irratiko esataria, Argia saridun
Agin Rezola esatariak, Itxaro Borda idazleak, Eriz Zapirain telebista zuzendariak, AEKren publizitate kanpainak, «www.grebaorokorra.info» web orriak eta Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoek jaso zituzten atzo Lasarte-Orian banatutako Argia sariak.
Ariane KAMIO | LASARTE-ORIA
«Ez da brometakoa Irratiko Argia saria irabazi duen kazetariak 2009an egin duen lana. Arratsaldero, ingelesak tea hartzen aritzen diren orduan, berak diligentzia bat gidatu du Euskal Herri salbaje honetako lur arriskutsuetan. Horrekin konformatzen ez, eta Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia jarraitu du saioz saio, astebururo, zuzenean eta zertaz hitz egiten duen badakiela erakutsiz». Agin Rezolak, Infozazpi irratiko esatariak jaso zuen saria «5etako diligentzia» saioan egindako lanagatik eta Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiari egindako jarraipen zehatzagatik. Baita saio bakoitzean utzitako umore aztarnengatik ere. Halaxe agertu zuten sari banatzaileek sarrerako hitzaldian eta bere «puntua» botatzeko aukera eman zioten Astigarragako esatari, bertsolari eta sagardogile denari. Saria eskuan, «arraro xamar» sentitzen zela aitortu zuen; «nik lanerako argi gorri bat izaten dut aurrean piztuta eta, argi gorririk ez daukadanez, soltero askok bezala, ez dakit zer egin». Bere «speach»a, ordea, erredakzioko kideei eskerrak emateko baliatu zuen, bereziki «5etako diligentzia» saioan soinu teknikari lanetan aritzen den Larraitz Otazori, baita «itzultzailerik behar ez duen epaitegi bat tarteko, gure artean egoterik ez duten Garikoitz Mujika eta Jon Telleria» lankideei ere.
Telebista, paper eta sare
Irratitik telebistara, aurtengo Telebistako Argia saria Eriz Zapirainek jaso zuen, «Zai Zoi Bele» dokumentala zuzentzeagatik. Saridunak, 2009an euskaraz ikasi dutenen bidaia intimoak kontatu ditu eta Ez Dok Amairuren historian murgildu da bi dokumental hunkigarritan. «Lan horiek, momentua gainditzen dute eta euskal kulturaren transmisiorako tresna izango dira urteek aurrera egin ahala», Argiaren arabera.
Xabier Letona, aldizkariko zuzendaria, Interneten eta paperean egiten diren egunkarien arteko borrokaz mintzatu zen sarrerako hitzaldian. Datozen urteei begira, komunikabideek gaur egun duten erronka nagusietako bat bi euskarriak «ezkontzeko» gakoa bilatzean datza. Argiak, bata zein bestea saritu ditu 2010eko edizioan.
Sarea baliatuta, Internetek informazio alternatiborako eskaintzen dituen aukerak erakusteagatik jaso zuen Internet Saria www.grebaorokorra.info weguneak, iazko maiatzaren 21ean Euskal Herrian egindako greba orokorra sare sozialak eta zuzeneko bideo emisioak erabiliz mundu osora zabaltzeagatik, hain zuzen. Prentsa idatzian, Itxaro Borda izan zen saridun «Berria» egunkarian egunero idazten dituen zutabeengatik.
Azkenik, AEK-k «bide laburra eta zuzena beti ez delako txarrena» erakutsi izateagatik, matrikulazio kanpainarengatik, jaso zuen publizitate alorreko Argia saria. Aurten, Merezimenduzkoa ere banatu dute, eta Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoek jaso zuten saria, urteetan zehar egindako lan eskergagatik.
Euskara ikastea bide laburraren ideiarekin eta, bide batez, osasunarekin, maitasunarekin eta lanarekin lotzen duen AEKren matrikulazio kanpainak jaso zuen publizitate alorreko saria.
Internet alorreko saria: www.grebaorokorra.info.
Prentsako saria: Itxaro Borda.
Publizitate alorreko saria: «AEK euskara ikasteko biderik laburrena».
Telebistako saria: Eriz Zapirain.
Irratiko saria: Agin Rezola.
Merezimenduzko saria: Txirri, Mirri eta Txiribiton.