Bertso txapelketa nagusiko zortzi finalistak Baionako antzokian agertuko dira
Ainize BUTRON | BAIONA
Bertso-saio berezia eginen da ondoko otsailaren 13an Baionako antzokian. Bertsolarien Lagunak eta Lapurdi 1609-2009 elkarteak antolatua, Baionako Herriko Etxearen laguntzarekin, joan den urteko Bertsolari Txapelketa Nagusiko zortzi finalistak elkartuko dira bertan. «Duela hogeita bi urte ez zela horrelakorik gertatu. Garai horretan Daniel Landartek finalistekin saioa egitea lortu zuen Baionan. Baina, geroztik ez da egina izan», nabarmendu zuen Michel Mendiboure elkarteko kideak.
Bilbotik Donostiara, eta gero Baionara, finalistek Euskal Herriko hirugarren hiriburu nagusian agertzeko aukera izanen dute. Urtebete daramate Lapurdi 1609-2009 eta Bertsolarien Lagunak elkarteek ekimena antolatzen. «Ez da erraza izan. Urtebetez aritu gara lanean», gehitu zuen.
Horiek horrela, zortzi finalistak Baionako aretoan azaltzeko aukera izango dute, bertan bostehun lagunentzako lekua izanen delarik. Sarrerak jadanik salgai dira -salneurria, 15 euro-, Pausu, Baiona, Senpere, Maule, Donibane Garazi eta Ziburun. «Espero dugu aretoa beteko dela, ondoko finalean ere Baionako antzokian horrelako saio bat errepikatu ahal izateko», goraipatu zuen Mendibourek. Lapurdi 1609-2009 elkarteak, bertso-saio horrekin, eta gerorako ere finkatuak dituzten beste bi hitzordurekin, urtebetez landuriko egitaraua bukatuko du.
Basterretxearen obra
1609ko gertakizunei buruzko hitzaldiak eta erakusketak antolatzen aritu dira 2009. urtean. «Nahi genuen handizki bukatu, eta beraz bertso-saioa hitzordu nagusia izanen da», esan zuen. Horren ondotik, otsailaren 27an Nestor Basterretxearen obraren estreina eginen dute. Senperen, jauregiaren parean dagoen plaza «1609ko plaza» izendatua izan da, eta bertan finkatuko dute euskal eskultorearen lana. Ondotik, eraman duten lan guztiaren bilduma liburuan bildu du Lapurdi 1609-2009 elkarteak, eta horren aurkezpena eginen dute. «Ulertu bada denbora hartan errea izan den jendea jende arrunta zela gure helburua lortu dugu. Gertakizun hori mitologiari lotzea folklorizazioa baizik ez da», nabarmendu zuen azkenik Mendibourek.
a.
Sarrera:
15 euroan, salneurri arrunta, eta 10 euroan, ikasle eta langabeentzat.