Bloke Lehen proba
Bulder Ligak ateak zabaldu ditu
Andoni ARABAOLAZA
Urte berriak bere martxa hartu du, eta espero genuen legez, Bulder Ligak ez du hutsik egin. Gasteiz aldean antolatzen den bulderreko zirkuitua urtarrilaren 23an hasi zen. Eta ohi den bezala, lehiakideek ez zioten muzin egin deialdiari.
Fundacion Estadioko bulder aretoan jokatu zuten lehen proba. Guztira, 37 eskalatzaile bertaratu ziren. Jakina, gasteiztar asko ziren, baina, azken ekitaldietan legez, Euskal Herriko hainbat txokotakoek ere parte hartu zuten: Ondarroa, Arrasate...
Sailkapenetan ez zen ustekaberik izan, eta finaletan oso maila ederra erakutsi zuten parte-hartzaileek. 18 urtez azpikoetan, nesketan, Lara Larrañagak irabazi zuen. Bigarrena Miriam Mulas izan zen, eta hirugarrena, Amaia Egea. Mikel Markinez gailendu zen mutiletan; Eneko Infante izan zen bigarren sailkatua, eta hirugarren postuan berdinketa izan zen, Iñaki Velasco eta Beñat Morenoren artean.
Jone Martinez eta Ruben San Vicente herrikoietan gailendu ziren. Bigarrenak, Zuriñe Etxeberria eta David Alija izan ziren, eta hirugarrenak, Cristina Rey eta Cristian Alonso.
Elitean, azkenik, Itziar Zabalak txapela jantzi zuen. Mutiletan, berriz, berdinketa izan zen, Iñaki Arantzamendi eta Jon Ferreroren artean.
Iker Pouk «Demencia Senil» bidearen bigarren igoera egin du. Jordi Pouk zabaldutako marrari ekiten lehenengoa Chris Sharma estatubatuarra izan zen.
Gasteizko eskalatzaileak eroso jardun du 9a+ zailtasuneko bide horretan. Atsegin ditu haren ezaugarriak; hots, hatz bateko zein biko mugimendu gogorrak.