Kirol eskalada «Demencia Senil»
Iker Pou, beste koska bat bere ibilbidean
Gasteizko eskalatzaileak indartsu hasi du denboraldia, hilaren 20an Margalef-eko eskolan dagoen «Demencia Senil» bidea (9a+) kateatu baitzuen. Indar-erresistentziazko 16 metroko marraren lehen errepikapena izan da; lehen igoera Chris Sharmak egin zuen.
Andoni ARABAOLAZA
Urte berriari ongietorria emateko, Iker Pouk kirol eskalada aukeratu du. Aukera bikaina izan da, batez ere erdietsi duen emaitzari begiradatxo bat ematen badiogu. Margalefeko eskolan (Tarragona) helburu gogor zein erakargarria zuen. Bidearen izena: «Demencia Senil». Eta bidearen zailtasuna: 9a+. Hots, orain arte lortu gabe zuen muturreko graduazioa.
Gasteizko eskalatzaileak adierazi duenez, gogotsu zebilen kirol eskaladan egindako ibilbidean beste koska bat igotzeko. Horretako, jo eta su ibili da plafoian: «Sasoiko jarri behar nintzen. Eta horretarako hiru bat aste plafoian entrenatu naiz. Eta azkenean oso indartsu ikusi dut neure burua. `Demencia Senil' zen esku artean nuen helburua, eta, bide hori kateatu ahal izateko, martxora arteko epea ezarri nuen».
Indartsu ekin diola ez dago dudarik; izan ere, Margalefeko Laboratori sektorean dagoen 9a+ zailtasuneko bide hori kateatu zuen urtarrilaren 20an.
Lehen errepikapena
Iazko azaroan hasi zen benetako saioak egiten. Horiez gain, urtarrilean ere beste batzuk egin ditu. Pouk azaldu duenez, ez du baldintza egokirik aurkitu: «Euri asko egin du, hezetasun handia, eta ia ezin zen bidean eskalatu. Hori dela-eta, lehortu arte itxaron behar izan dut».
Margalefeko bidea berez Jordi Pouk zabaldu zuen, eta lehen igoera, nola ez, Chris Sharma estatubatuarrak egin zuen. Lehen errepikapena da, beraz, gasteiztarrak egindakoa.
«Demencia Senil» bidearen ezaugarriei begiratzen badiegu, lasai asko esan dezakegu Pourentzat oso egokiak direla. Eskalatzailea ondo baino hobeto moldatzen da hatz bateko zein biko heldulekuekin, eta kateatu berri duen bidea ia osorik halako heldulekuz osatuta dago.
16 metro luze da, eta, Pouk berak gehitu duenez, bi zati ditu: «Indar-erresistentziazko marra da. Lehen zatia, atseden hartzeko heldulekura arte, 8c+ gogorra da. Bigarrena, berriz, blokeko 8a+. Margalefeko eskalada oso gustuko dut, eta `Demencia Senil' bideak atsegin ditudan ezaugarri horiek guztiak ditu. Hots, hatz bateko zein bitako heldulekuak. Mugimendu gogorrak, ia biolentoak eta oso ikusgarriak».
Bidea kateatu ahal izateko, martxora arte jarri zuen epea. Pouk aise gainditu du.