GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Mikel Etxeberria Iztueta, «Makauen» Preso ohia

Kolonizazioa-erresistentzia

Askapen mugimenduak gauza garrantzitsua lortu du: Euskal Herriak, kolonizazioari aurre egiteko, erabakitzeko eskubidea behar duela plazaratzea eta herritar gehienek hau bere egitea

Euskal Herrian, frankismoak boterea ezarrita, indar abertzaleak, eta batez ere EAJ, AEBei begira geratu ziren, haiek zapalkuntza egoera hartatik aterako ote zituzten zain. Egoera horretan sortu zen EAJren barnetik ETA erresistentziako erakunde politiko armatua, alderdi politiko horrek funtsezko borrokarik plazaratzen ez zuela ikusita. ETAk martxan jarritako borroka bideak Estatu zapaltzailearen errepresio bortitza jaso zuen, eta torturak eta espetxeratzeak (gaur egunean bezala) ehunka borrokalarik sufritu zituzten. Orduan ere kopuru txiki batek hartu zuen parte erresistentzia borroka horretan, EAJren buruzagitzak kolonizatzaile papera ondo betez beti kondenatu izan zuena. Alabaina, beraien oinarri sozialetatik laguntza eta azpiegiturak lortzen ziren.

ETA ez zenez frankismoari aurre egiteko bakarrik sortu, oro har Euskal Herria Espainiako estatu zapaltzailetik askatzeko baizik, 1974. urtea garrantzitsua izan zen, Franco ohean hilko zela oharturik nolabaiteko trantsizio edo demokrazia egoera batera hurbiltzen ginela-eta. Erresistentzia-borroka armatuaren gainean alderdi politikoek izandako joerak ikertuta, ez da zaila ohartzea alderdiek beraiek barnetik sortutako erakunde armatuak kontrolatuz gero, estatu zapaltzaileen «demokrazia» izeneko legalitatean sartzen zirenean normalean erresistentzia armatua laster desegina izaten zela. Hartara, ikusirik normalean estatu zapaltzaileek ez dietela nazio edo herriei goizetik gauera askatasunik ematen, zera erabaki zen: Euskal Herriko askapen mugimendu bilakatzea eta ez inongo alderdi edo erakundek kontrolatua izatea.

Hartutako bide horretatik iritsi da egoera gaur dena izatera. ETAren helburua ez zen armen bidez botereaz jabetzea, baizik eta ematen ari zen kolonizazioa salatzea, eta aldi berean Estatu inperialistak zapalkuntzarako erabiltzen zituen indar armatuei erantzutea. Egun, Estatuak ezin dio erresistentziari indarrez irabazi, eta, halaber, ETAk ezin du Estatua garaitu. Baina askapen mugimenduak gauza garrantzitsua lortu du: Euskal Herriak, kolonizazioari aurre egiteko, bere erabakitzeko eskubidea behar duela plazaratzea eta herritar gehienek hori barneratzea eta bere egitea. Estatu zapaltzaileak ere, jakina, hainbat lorpen izan ditu bere kolonizazio politikan. Erraza da hau ulertzen, argi ikusten baita indarkeria politikoari buruz hitz egiten den bakoitzean. ETAk ekintza bat egiten duen bakoitzean dena da salaketa. Ezker abertzaleari zuzentzen zaizkio salaketak, ideietan bat etorri eta era baketsuan askapen mugimenduan parte-hartze hutsagatik. Bidenabar, lortu egin dute terrorearen bidezko Estatuaren indarkeria salatu gabe uztea eta zapalduaren erresistentzia ekintzak bakarrik gaitzestea, hau da, botere kolonizatzaileei men egitea eta laguntzea.

Estatuek sekula baino indar humano, teknologiko eta material gehiago darabilte herri honek gutxiengo askatasun bideak har ez ditzan: Ejertzitoa -Guardia Zibila barne-; poliziak; CNI; Auzitegi Nazionala; laugarren botere faktikoa, alegia komunikabideak... Espainia izeneko Estatu oso bat, nazio txiki baten askatasun bideak zapuzten.

Indarkeria, hitz madarikatua erresistentzia egiten dutenentzat...Eta ia kolonizatu dituzten euskal politikari horiek zer egiten dute? Poliziak bidaltzen dituztenean, armaz lepo eginda, manifestazioetan herritarrak askatasuna eskatzen ari direnean egurra eman eta tirokatzera, ez al dute indarkeria erabiltzen? Bada, bai, eta gainera zapaltzaileen eta kolonizatzaileen indarkeria. Indarkeria kolonizatzaile honen ardura dute «baskongadetako» Gobernuak eta Nafarroako Gobernuak. Zeresanik ez, poliziak dauzkaten sindikatuek. ELA, esate baterako: ETAren jarduera salatzen eta gainera ezker abertzaleari errua botatzen, eta ELAko militanteak herri honen alde duintasuna mantentzen dutenen aurka egurra banatzen! Noiz hasi behar dugu kolonizazio mental hori gainditzen?

Ezker abertzaleak, orain arte, bide politiko baketsuak erabili ditu, eta horrela jarraitzeko asmoarekin herri honentzako gutxieneko askatasuna lortzearren iniziatibak berritzen ari da: gehiengo abertzaleak, partidismorik gabe, nazio bezala pentsatu, indarrak metatu, gutxiengo helburuak finkatu eta sektore ezberdinen kudeaketa batua lortu du, kolonizazio bide honetatik atera eta behintzat Maltzagaraino iristeko.

Lehenago aipatu dudan kolonizazio mental horren ondorenak eztabaida politiko honetan ere ageri dira ETA dela-eta, batzuentzat betiko aitzakia. Herri honetako gehiengoaren eskaera, erabakitzeko eskubidea, alegia, kontuan edukiko balitz, eta hori modu baketsuan lortzeko gai bagina (eta horretan saiatuko gara behin eta berriz), pentsatzekoa da ETA, bere logikan, pozik egongo litzatekeela eta txalotu egingo lukeela ekinbide hori. Horrelako prozesu bati ez lizkioke ateak itxiko, baizik eta lagundu, aurrera atera dadin. Nola ez dira pozik egongo eurak izanda errepresioa bortizkien pairatzen dutenak? Nola ez dute txalotuko eurak badira borrokaren zama handiena daramaten «eusko gudariak»?

Baina zer espero daiteke ETArengandik erresistentziako erakunde armatu baten logikaren arabera? Pentsatzekoa da prozesua laguntzeaz gain, nola bukatuko den ez denez jakina, bera den botere faktiko hori mantenduko lukeela, eta modu baketsu batean ez balira gutxiengo eskaerak onartuko bere indarra eta eraginkortasuna azkartzeko prestatuko litzatekeela.

Prozesu honetan Ibarretxe lehendakari ohia datorkit burura, bera eta EAJren barnean berak bezala pentsatzen zutenak izan baitziren herri honen erabakitzeko eskubidea zabaltzen lagundu zutenak, Imaz, Urkullu eta enparauek besterik nahi bazuten ere. Ibarretxek jakin behar du EBBko barne lehian Urkullu eta Egibar zeudenean, zer-nolako kanpaina egin zuten, batez ere Bizkaian, Egibarren aurka, ezker abertzaleko satorra zela esanez, gutxieneko abertzaletasuna erakusten duelako. Imazek-eta, noski, estatu zapaltzailearen politika egingo dute, PPk bezala, baina EAJ baliatuz. Beraz, Ibarretxe jaunak erronka galanta dauka bere alderdiko militantziaren baitako %60 abertzale hori prozesu honetara bideratzen. Ilusio handia, bestela, zapuztuko litzatekeena.

Jo dezagun aurrera, Maltzagaraino behintzat!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo