GARA > Idatzia > Iritzia> Zirikazan

Borroka irekian arma berriak

Demokrazia hitzaren baitan askatasuna eta berdintasuna ulertu ohi ditugu, pertsona bat, boto bat. Inolako diskriminaziorik gabe garatu ahal izango garela, bizitza pribatuan nahiz publikoan. Ideia-asoziazioa, alegia, entzunaren entzunaz hala iruditzen zaiguna. Demokraziaren ideia gorenaren osasunari buruz mila gauza esan litezke. Paperetik errealitaterako bidean, manipulatuta, saihestuta edota norberaren mesederako interpretatuta galdu edota ukatu egiten den guztiaz, edo alderantziz, egotzi eta betearazi egiten denaz.

Demokrazia horren baitan egun jasotzen diren eskubide asko pertsona askoren borrokaren ondorio izan dira; erakutsi egin beharko litzaieke gazteei homosexualek nola bizi behar izan duten orain dela ez hainbeste, ezkondu ahal izatearena, esaterako, atzo goizeko kontua dela; dibortzioa ez dela beti existitu, eta emakume eta senar-emazteen baldintzak zein ziren emakumeentzat; erakutsi pertsona bat, boto bat, hain naturala eta logikoa iruditzen zaiena, mendetan zehar ukatua izan zitzaiola gizarte erdiari. Erakutsi, batik bat, hori guztia aldatu izana ez dela inola ere bat-bateko bira izan, baizik eta, arestian esan bezala, pertsona askoren lan eta izerdiaren emaitza, bizitza ere emanda. Izan ere, pixkanaka lortuz eta finkatuz joan diren eskubide ugari aldarrikatu zituztenak jazarriak, kartzelatuak, isilaraziak eta irainduak izan ziren. Unean uneko boterearen arabera, mota batekoak ala bestekoak izan dira askatasuna eta berdintasuna ukatzeko bitartekoak, jazarpena eta zigorrak justifikatzeko arrazoiak eta, jakina, unean uneko gizarteak ere, alde zein kontra egiteko, bilakatu eta moldatu egin izan ditu bere diskurtsoak eta tresnak.

Hain zuzen, berdintasunarekin gertatzen dena da. Balio patriarkalak ozenki, zuzenean, hau da, mozorrorik gabe, defendatzea gaitzetsia izaten hasi zen gizartean uneren batean, gero eta gehiago ezin zutelako demokraziaren oinarriekin bat egin, gizarteak gero eta gutxiago onartzen zituelako -berriro diot, gizartea eratzen zuten herritar ugariren eguneroko lanaren ondorioz-; hortaz, bestelako argumentuak asmatzen eta bestelako bideak jorratzen hasi ziren, inoiz ez emakumeon askatasunaren kontra eginez, jakina, baina bai askatasun hori egikaritzearen ondorioak baliatuta, emakumeok lan-munduan sartzeak familia-mailan ekartzen dituen arazoak, esaterako. Emakumeok independentzia eta eskubideak eskuratu ahala, bizitza publikoan ere lekua irabazi ahala, mehatxatuta eta betiko sistema erortzearekin beldurtuta, arrazoibide eta tresna ezberdinak asmatu dituzte, ez direnak lehen bezain nabarmenak eta zuzenak izango, baina egon badaudenak. Eta lehen bezala, emakumearen mendekotasuna besterik ez dutenak bilatzen.

Barregarri utzi nahi dute borroka honek irekita jarraitzea egun, zentzurik ez duela argumentatuta, hala nola berdintasunaren alde egiten jarraitzen duen oro, feminista, genero-mendekua, dogmatismoa eta halako hitzak erantsita, baina mehatxatuta sentitzen direnen arma berria baino ez da, neomatxistena, alegia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo