GARA > Idatzia > Kultura

«Winter´s Bone» eta «Animal Kingdom» filmak, Sundance zinema jaialdian garaile

«Winter´s Bone» eta «Animal Kingdom» filmak izan ziren atzo Utah-n egin zen Sundance zinema jaialdiko sari banaketako garaile, hurrenez hurren, AEBetako eta nazioarteko Filmerik Onenaren saria jasota.

GARA | UTAH

«Winter´s Bone»k, Daniel Woodrell-ek idatzitako eleberrian oinarrituak, Waldo Salt Gidoi Onenaren saria ere jaso zuen. Debra Granik-ek («Down to the Bone», 2004) zuzendutako lana egoera prekarioan bizi den nerabe baten istorioan oinarritzen da, makina bat arazotan muturra sartu duen aitarekin zer gertatu den ikertzen duen bitartean.

David Michôd-ek zuzendutako «Animal Kingdom» filmak, bere aldetik, gaizkiletza, bazterkeria eta mendekua ditu oinarri, Melbourneko auzo baztertuetan kokatuta.

Dokumentalen sailean, Afganistanen eta Ipar Korean egindako bi filmek, «Restrepo»k eta The Red Chapel»ek, jaso zuten Grand Jury Price saria. «Wasteland» dokumental britainiarra, Vik Muniz artista brasildarrak Rio de Janeiroko zabortegirik handienean egindako lanetan oinarritua, ikusleriaren gustukoena izan zen, eta hala, World Cinema Audience Award saria jaso zuen.

Latinoamerikarrak

Latinoamerikan egindako lanek ere sari ugari jaso zituzten, tartean «Contracorriente» filmak, Kolonbiaren eta Peruren koprodukzioak, honek ere World Cinema Audience Award saria jaso zuela. «Zona Sur» boliviarrak, bestalde, Zuzendari Onenaren eta Gidoi Onenaren sariak jaso zituen nazioarteko sailean. «El hombre de al lado» argentinarrak, berriz, argazkiaren arloa saritzen duen World Cinema Cinematografphy Award delakoa eskuratu zuen.

Davis Guggenheim-ek, Oscar sari bat eskuratu zuen «An Inconvenient Truth» dokumentalaren zuzendariak, Ez Fikziozko Kontakizunik Onenaren saria jaso zuen «Waiting for Superman» lanagatik, AEBetako hezkuntza sistemari kritika egiten dion filmagatik.

Sundance zinema jaialdia Robert Redford-ek sortu zuen 1981ean, eta harrezkero nazioarteko zinema alternatiboaren gidaria da. Atzo amaitu zen, hamar egunez 39 herrialdetako 117 filmen emanaldiak gauzatu ostean, Park City-ko inguruetan, Utahn.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo