GARA > Idatzia > Kultura

Ander Fuentes «Itturri» garaile, Agoitzen jokatutako final-laurdenetako saioan

GARA | AGOITZ

Aizarotz eta Sunbillako saioen ostean, Agoitzen jokatu zuten atzo Nafarroako Bertsolari Txapelketako hirugarren final-laurdena eta Ander Fuentes, Itturri (380,5 puntu) izan zen nagusi ezaugarri nabarmenena erregulartasuna izan zuen saioan. Garaipen horrek Etxarri-Aranatzen jokatuko den finalaurrekorako txartela eman dio bertsolari zubietarrari, Arkaitz Goikoetxea eta Xabier Legarretarekin batera, horiek irabazi baitzituzten Aizarozko eta Sunbillako saioak. Hirukote horrekin batera, zuzenean finalaurrekora sailkatuta daude Jon Barberena, Iñigo Olaetxea eta Julio Soto ere.

Itturriren atzetik, bigarren postuan sailkatu zen Oskar Estanga (376); hirugarren, Miel Mari Elosegi, Luze (363,5); laugarren, Saioa Alkaiza (362,5); bosgarren, Jose Luis Barberia, Zili (354); eta bosgarren, Diego Riaño (350). Hauek, azken puntuaketa orokorraren zain egon beharko dute finalaurreko txartela lortuko duten ala ez jakiteko.

Bertsozale Elkartekoek adierazi zutenez, 150 lagun inguru hurbildu ziren Agoitzeko Kultur Etxera orain arteko azkarrena izan den saioa ikustera. Iturrik berak esandakoaren arabera, saioa erregularra izan zen, eta ez zen bertsolaririk bata bestearen gainetik nabarmendu puntuaketan ikus daitekeen bezala. Saio txukuna eta akatsik gabea, beraz, atzo Agoizko Kultur Etxean ikusi eta entzun ahal izan zutena.

Atzo jokatu zen final-laurdenaren ostean, Nafarroako Bertso Txapelketak bere bidean aurrera jarraituko du. Horren lekuko, datorren larunbatean, hilak sei, Garesen jokatuko den saioa. Hura izango da txapelketako lehen faseko azken zita eta bertan erabakiko da finalaurrekoetarako sailkatuko diren bertsolariak nortzuk diren.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo