Baratzetik zuzenean etxeko hozkailura, bitartekaririk gabe eros daiteke Usurbilen
Proiektua hastapenetan badago ere, gaurtik aurrera Kontsumo Elkartea izango da Usurbilen. Helburua, bitartekaririk gabe zuzenean baserritarraren produktuak erosi eta kontsumitzea. Bezeroek badakite «nondik» datozen jaten dituzten barazkiak eta hauek hartutako konpromisoari esker nekazariek lana ziurtatuta dute.
Oihane LARRETXEA
Kontsumo Elkartearen ideia orain hilabete gutxi horixe besterik ez zen, ideia. Azken asteetan, berriz, proiektu konplexu honek forma eta kolorea ere hartu ditu. Batetik baserritarrek eta bestetik bezeroek hartu duten konpromisoari esker, batzuek landatutakoa besteek kontsumitu egiten dute, astero etxean jasotzen duten barazkiz betetako otarraren bidez. Pedro Alberdi usurbildarrak hartu du elkartea koordinatzeko erantzukizuna, eta «gauza asko kontuan hartu eta hauek lotzea zaila dela» onartu arren, harro eta ilusioz beterik hitz egiten du proiektu berriaz. «Udalak beti erakutsi du kontzientzia ekologikoa edo horrelako arloetan ardura berezia. Adibidez 2004. urtean Haur Eskolan menu ekologikoa ematen hasi zitzaien txikiei», argitu du Alberdik. «Gerora herriko elkarte bati otu zitzaion horrelako zerbait egitea, alegia, jarraipena ematea lehen jangelako ideia horri -azaltzen du-, eta Usurbilen Alkartasuna baserritar kooperatiba ere lehenagotik bazebilen merkaturatzen; ideia batzuen buruetan zebilen bueltaka».
Udalaren baiezkoa jaso zutenean lanari ekin zioten, helburu zehatz batekin: bertako ekoizpena eta kontsumoa sustatzea eta modu honetara kate osoa ixtea. Salmenta zuzenak «abantailak besterik ez» dituela argudiatu dute baserritarrek eta kontsumitzaile ezberdinek. Alberdiren iritziz, ez da salmenta bakarrik, kontsumoa ere oso garrantzitsua baita, izan ere, «hau zerbait gehiago da, konpromiso bat eta erosten dituzun produktuak konfiantza osokoak izatea, badakizu zer jaten duzun, gardentasun eta transparentzia osoz».
Otarra bete barazki
Elkartea gaur bertan sortuko da, gaur egitekotan diren batzarrean erabakiko dute bai izena, bai arau nagusiak; baina egitura guztiz finkatu bitartean, badira aste batzuk otarren salmentarekin hasi zirela: «Honela, kontsumitzeko hitza eman duten bezeroek astelehenetan barazkiz betetako otarra edo kaxa jasotzen dute, oraingoz Alkartasuna Kooperatiban banatzen ditugunak. Gainera pixkanaka mermelada, arrautzak edota ogia ere eskaintzen hasi gara». Neurri ezberdinak daude familiako kide kopuruaren arabera eta kontraturik sinatu ez arren, bezeroak urtebeteko konpromisoa hartzen dute baserritarrei bermea emateko. Agurtzane Aizpuru kontsumitzailea da; elikadurarekiko duen «kontzientzia handiak» bultzatuta sartu zen bertan: «Niretzat ezberdintasun handia dago zuzenean erostetik edo azalera handiko dendetan erostera, kalitateaz gain, hemen konfiantza osoz kontsumitzen dugu». Bestetik «harrituta» azaldu da, ikusita proiektua «zein abiadura handian» jarri den martxan, entzun zutenetik, etxean otarra jaso zuten arte oso denbora gutxi igaro baita, eta alde horretatik Udalaren esku-hartzea nabarmendu du, «erakunde honek erakutsi duelako bai haur eskolako menuarekin, bai atez atekako bilketarekin, bere ardurapekoak direla alderdi hauek».
Bezeroak soilik ez, baserritarrek ere gogotsu begiratzen diote Kontsumo Elkarteari, «gaur egun bermea izatea ez delako gauza erraza izaten». Alde batetik, nekazari direnek jarraitzeko bultzada sentitu dute, eta bestetik, mundu honetan saiakera egiteko gerturatu dira baserritar batzuk. Mirian eta Nerea Arrizabalaga ahizpak betidanik ibili dira azoketan, baita Itziar inguruko herrietan ere otarrak saltzen. Orain, Usurbilekoa guztiz finkatu arte beraiek hornitzen dituzte kaxak: «Segurtasun hori izateak lasaitasun handia ematen digu, landatu orduko badakigulako zein neurriraino dagoen salduta eta beraz galerak txikiagoak dira. Gainera, ez dago bezeroak ezagutzeko hori baino modu hoberik» argitzen du Mirianek. Eskarmentuaren beste aldean Gerardo Armendarizen egoera dago, orain egun gutxi utzi diote lur eremu bat bertan barazkiak landatu eta Kontsumo Elkarte berrian sal ditzan: «Jaiotetxea baserria nuen, eta betidanik izan dut mundu honekin lotura. Elkarteko bileretan izan nuen proiektuaren berri eta saiatzeko une aproposa zela pentsatu nuen, orain langabezian nago eta ilusio handiz hartu dut hau guztia, udaberria noiz etorriko irrikatzen nago. Bitartean prestakuntza ikastaroak jasotzen arituko naiz», dio Armendarizek.
Parte-hartzaileen esanetan etorkizuna honetan datza, bitartekarien prezioak ordaindu gabe bertakoengan konfiantza jartzea.