AFRIKA KOPA
Egiptoren erregealdia luzatu du «Gedo»k
GHANA 0
EGIPTO 1
GARA | LUANDA
Partida amaitzeko bost minutu besterik falta ez zirela, jokaldi bikain batek erabaki zuen Afrika Kopako finala, Egiptoren erregealdia luzatuz. Faraoiak ez dira Hegoafrikako Munduko Txapelketan egongo, eta hala ere, 2010. urteak leku berezia izango du haien bihotzetan, hiru Afrika Kopa jarraian irabazten dituzten lehenbizikoak baitira.
Hainbatetan gertatzen den bezala, galtzearen beldurrak bultzatu zituen Ghana eta Egipto. Eta kontinenteko selekzio onena zein den argitu behar zuen neurketak, beraz, emozio dexente baina ikuskizun eskasa eskaini zuen. Lehen zatian, batez ere. Baloia ikutzea du gustuko Egiptok, zelaiaren erdialdea kontrolpean izanez eta bertatik taldearen jokoa bideratuz. Kontrako eztarritik sartzeko moduko aurkaria aurkitu zuen atzo, gaztetasunaren anarkiaz hainbestetan baliatzen den Ghana -23 urtekoa da taldekideen batez besteko adina, final batera heldu den talde gazteena da-. Ez batak, ez besteak ez zuten aurkariaren jokoaren hutsuneak nola aprobetxatu jakin, eta ondorioz, Asamoahk urrutitik egindako jaurtiketa batek sortu zuen ateen inguruan bizitako unerik arriskutsuena atsedenaldira artekoan, aukera deitzea ere gehiegizkoa dirudien arren.
Panorama ez zen aldatu bigarren zatian baina, kronometroak minutuak jan ahala, kobazulotik irteten saiatu ziren talde biak. Ghanaren giharrak nolabaiteko nagusitasuna eskaini zion, baina Egiptoren teknika izan zen, azken finean, norgehiagoka erabaki zuena.
Hain zuzen ere, 85. minutuan, eta edizio honetako bi jokalari onenek asmatuta: Zidanek eraman zuen baloia ezkerretik, Gedori sekulako pasea emanez. Eta Al-Ittihad Alexandriako aurrelariak jaurtiketa gurutzatu bat gauzatu zuen, Egiptori txapela emanez eta bide batez txapelketaren golegile nagusiaren saria eskuratuz.
Ezusteko izarra
Bera, Mohamed Nagy, Gedo, izan da, dudarik gabe Afrikako Koparen protagonista nagusia. «Aitona» -hori da bere ezizenaren itzulpena- guztiz ezezaguna zen, bere herrikideen artean ere, txapelketa hasi zenean. Izan ere, 26 urteko jokalariak abenduan jokatu zuen lehen aldiz selekzioarekin (bi partida besterik ez zituen jokatu txapelketa hasi aurretik) eta «ordezko» etiketa garbiarekin heldu zen Angolara.
Ederki aprobetxatu ditu, baina, izandako aukerak. Lehiatu dituen sei norgehiagoketan, bigarren zatian zelairatu da. Denbora nahikoa bost gol sartzeko eta faraoien heroia bilakatzeko.