Sokatira Euskal Herriko Txapelketa
Abadiñok eta Badaiotzek ez diote inori barkatzen
Bizkaitarrek jantzi zuten txapela 600 kilokoan, eta jokatutako bi finaletan izan dira nagusi. Badaiotzek ere ez zuen barkatu emakumezkoetan, 540 kilokoan.
Jon LEUNDA
Ez zen ezusterik izan, eta Abadiñok, 600 kilokoan, eta Badaiotzek, 540 kilokoan, irabazi dituzte txapelak, herenegun arratsaldean Aramaion aipaturiko bi pisuetako azkeneko jardunaldiak irabazi ostean.
Emozioa 600 kilokoan zegoen, izan ere, 540 kilokoa lehendik zegoen ia erabakita. 600 kilokoan, lehen jardunaldian, berdinduta geratu ziren Abadiño eta Amaiur, eta bigarren saioan, nafarrak gailendu ziren. Lehen bi saioak jokatuta, Barrundia geratu zen kanpoan, eta sei onenak lehiatu ziren finalean.
Abadiño zen txapela lortzeko faboritoa, baina lehen jardunaldia gogoan zutela jokatu zuten, orduan berdindu egin baitzuten Amaiur taldearekin. Oraingoan ez zen ezusterik izan, eta irabazi egin zuten bizkaitarrek.
Beraz, txapela Abadiñoren eta Amaiurren artean zegoela zirudien, baina bizkaitarrek zuten abantaila. Bien arteko dema saioko bosgarrena izan zen, eta Abadiñok ez zuen barkatu. Lehen tiraldia 40 segundoan bereganatu zuen, eta 20 segundoan bigarrena, eta horrekin txapela segurtatuta utzi zuten, ez baitzuen ematen inork menderatuko zituenik, eta horrelaxe izan zen. Gainerako talde guztiak ere mendean hartu, eta garbi utzi zuten onenak izaten jarraitzen dutela.
Amaiur izan zen bigarrena. Bizkaitarren aurka galdu, baina gainerako tiraldi guztiak bereganatu egin zituen, eta bigarren postua segurtatu zuen. Hirugarren Ñapurrak izan zen. Aurreko bi jardunaldietan ere horrela izan zen, baita honakoan ere. Lehen biekin galdu egin zuten, eta beste guztietan irabazi.
Laugarren Berriozar sailkatu zen. Aurrekoekin galdu egin zuen, baina gainerako guztiak menderatu zituen. Atzetik, Abadiño B sailkatu zen Sokarriri bakarrik irabazita, eta azkeneko hauek izan ziren azkenak, saioko tiraldi guztiak galduta. Sailkapena honela geratu zen: Abadiño A lehen, 6 punturekin; bigarren, Amaiur 5ekin; hirugarren Ñapurrak 4rekin; laugarren Berriozar 3rekin; bosgarren Abadiño B, 2rekin, eta azkena, berriz, Sokarri, puntu batekin.
Emakumezkoak
Emakumezkoetan, 540 kilokoan, saio guztiak ligaxka eran jokatu dira, lau talde besterik ez baitira aritu, eta hirugarrengoan ere Badaiotzek ez zuen barkatu, eta beraiek eraman zuten garaipena saioko proba guztiak irabazita, eta txapela segurtatu zuten.
Bigarren sailkatu zen Sakana. Beti Gazterekin dema handia izan du orain arteko probetan, baina azkenekoan irabazi egin zion, eta bigarren postua segurtatu zuen. Nafarrek arabarrekin galdu egin zuten, baina gainerako tiraldi guztietan nagusi izan ziren.
Hirugarren postuan sailkatu zen Beti Gazte. Lesakakoek galdu egin zuten Badaiotzekin, baita Sakanarekin ere, baina Ibarra mendean hartu zuten. Azkena gipuzkoarrak izan ziren, saioko tiraldi guztiak mendean hartuta. Beraz, Badaiotz berriro ere onena izan da azkeneko jardunaldian, Sakanaren, Beti Gazteren eta Ibarrako taldeen aurretik.
Sailkapen nagusia honela geratu da: Badaiotz izan da txapelduna, 12 punturekin; bigarren Sakana, 8,5 punturekin; hirugarren Beti Gazte, 6,5 punturekin, eta azkena, berriz, Ibarra 3 punturekin.
Datorren asteburuan bi saio izango dira. Larunbatean Ezpeletan jokatuko da saioa, eta bertan lehen jardunaldiak jokatuko dira, 560 eta 500 kilokoak.
Gizonezkoek atseden hartzeko ez dute tarte handirik izango, igandean jokatuko baitute Zeberion, 640 kilokoan. Lau talde besterik ez dira lehiatuko pisu honetan, eta egun bakar batean erabakiko da dena. Gero, beste bi asteburu geratuko dira Euskal Herrikoa amaitzeko, dena otsailaren 20an amaituko baita. Jokatzeko geratzen diren finaletan ere Abadiño eta Badaiotz dira txapelak lortzeko faboritoak.
Datorren asteburuan bi saio izango dira. Larunbatean Ezpeletan 500 eta 560 kiloetako ligaxkako lehen saioa jokatuko dute. Igandean Zeberion 640koan neurtuko dira, eta jardunaldi bakar batean erabakiko da txapela.