GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Urrezko aizkora

Atutxa eta Rekondo finalerdietan sartu dira

p040_f02.jpg

J.L.

Rekondok eta Atutxa II.ak osatutakoa da finalerdiak jokatzeko txartela lortu duen lehen bikoa, atzo arratsaldean Lopez eta Mugertza II.a mendean hartu ostean.

Norgehiagoka oso ona izan zen, eta azkeneko unera bitarte emozioa gainezka izan zen, eta amaieran bizkaitarrak eta nafarrak 17 segundoko tartearekin bakarrik lortu ahal izan zuten garaipena, baina nahikoa izan zen finalaren atarian sartzeko.

Zale guztiek proba azken lanean, iraupen proban erabakitzea nahi izaten dute, eta atzokoan horixe gertatu zen, oreka izan baitzen nagusi azken probara arte. Kolpekakoan sei segundoko tartea lortu zuten Rekondok eta Atutxak.

Bigarrengoan, ordea, bi segundo laburtu zituzten Mugertzak eta Lopezek, eta hirugarrengoan, berriz, berdinketa izan zen. Ondorengo bi probetan, aldeari buelta eman, eta Lopez eta Mugertza aitzinetik zirela heldu ziren azken probara.

Amaierako lanean, bi 45 ontzako, bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako erdibitu behar izan zituzten, eta Lopezek eta Mugertzak sei segundoko aldea zuten, baina tarteak ez zien balio izan, izan ere, lan hau 9 minutu etas 31 segundoan burutu zuten Rekondok eta Atutxak eta 9 minutu eta 31 segundoan Mugertza II.ak eta Lopezek. Amaieran, egindako lan guztiak amaitzeko 20 minutu eta 9 segundo behar izan zituzten Rekondok eta Atutxak, eta 20 minutu eta 26 segundo Mugertza II.ak eta Lopezek.

Herenegun, berriz, Zerainen, final-laurdenetan sartzeko azkeneko txartela zegoen jokoan, eta hori Donato eta Ohian Larretxeak lortu zuten Ugarteburu eta Azurmendi mendean hartuta. Gainera, multzoko lehenengo izango dira, eta beraiekin batera Olasagasti eta Etxebeste sailkatuko dira. Larretxeatarrek probako saio guztiak irabazi zituzten. Amaieran, eta lan guztiak burutzeko, 21 minutu behar izan zituzten Ohian eta Donato Larretxeak, eta 22 minutu eta 56 segundo, berriz, Joxe Ugarteburuk eta Iñaki Azurmendik.

Zilarrezko Aizkora

Zilarrezko Aizkoran, berriz, bi kanporaketa jokatu dira asteburu honetan. Zerainen, Dorronsorok eta Irazabalek lortu zuten sailkapena, Alkizalete anaiak mendean hartu ostean. Lehen probetan oreka izan zen nagusi, baina azken bi lanetan atera zuten aldea garaileek. Lan guztiak amaitzeko 15 minutu eta 44 segundo behar izan zituzten Dorronsorok eta Irazabalek, eta 16 minutu eta 48 segundo berriz, Alkizalete anaiek.

Atzo, berriz, oso erraz lortu zuten sailkapena Erdoziak eta Saralegi II.ak Mendietari eta Garitari irabazita. Irabazleek 14 minutu eta 6 segundo behar izan zituzten, eta galtzaileek, berriz, 16 minutu eta 49 segundo.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo