Berezkoen Bakarkakoa
Waltarik eta Ezkurra II.ak Moderneko final handian izateko urrats handia eman zuten Arrangoitzen
Jon LEUNDA
Waltarik eta Ezkurra II.ak finalean izateko urrats garrantzitsua eman zuten atzo finalerdietako lehen partida irabazita. Datorren asteburuan jokatuko da itzulikoa, baina emaitzak ikusita, badirudi berriro ere Urruñakoa eta Kubakoa izango direla aurtengo finalean.
Waltarik 35 minutu nahikoak izan zituen Kurutxari 40 eta 19 mendean hartzeko. Amerikarrak nahi bezala eraman zuen norgehiagoka, eta gakoa berriro ere sakean egon zen, kubatarrak 19 kintze egin baitzituen hasierako jokaldiari esker. Saketik horrenbeste tanto egindakoan, partida irabazi egiten da normalean, eta atzo ez zen gutxiago izan, eta horixe gertatu baitzen.
Kurutxarik ez zuen ezer egiteko modurik izan. Hasierako tantoetan nahikoa ongi eutsi zion, baina amerikarra botearekin asmatzen hasi zenean ez zegoen ezer egiterik. Kurutxarik, gainera, lau tanto bakarrik egin zituen saketik. Jokoan Waltarik 18 kintze egin zituen, eta 11 Nafarroa Beherekoak. Galdu, berriz, 4 egin zituen Waltarik, eta 3 Kurutxarik. Markagailua honela joan zen: 1-1, 6-6, 7-7, 11-11, 14-14, 32-14, 31-16 eta 40-19.
Ezustea bigarren partidan izan zen, eta ez Ezkurrak Ozafraini irabazi ziolako, nola irabazi zion ikustean baizik. Urruñarrak nahikoa izan zituen 41 minutu Bankakoa 40 eta 17 menderatzeko.
Norgehiagoka honetan Ezkurrak nahi bezala eraman zuen partida. Pasa den astean, nahiz eta irabazi, zalantza batzuk agertu zituen Ozafrainek, eta atzo baieztatu egin zituen, Arrangoitzen erakutsitakoa baino gehiago baita Nafarroa Beherekoa, baina Bakarkako honetan ez dago sasoiko. Baldintza horietan oso zaila da Ezkurraren aurka ezer egitea, eta lapurtarrak ez zuen barkatu. Saketik 10 kintze egin zituen Ezkurrak, eta 4 Kurutxarik. Jokoan 18 tanto egin zituen lapurtarrak, eta 11 Nafarroa Beherekoak. Galdu, berriz, 3 egin zituen Paxkalek, eta 6 Patrickek. Markagailua honela joan zen: 3-0, 8-1, 17-2, 23-8, 32-12, 38-13 eta 40-17. Itzulerako partidak datorren igandean jokatuko dira Donapaleuko trinketean, 16.00etan hasita.