Ohitura den legez, San Blas azoka egingo dute gaur Abadiñon
Erroskillek eta eztarria zaintzeko kordelek ukitu berezia emango diote gaur Abadiñon ospatuko duten San Blas eguneko azokari. Urtero bezala, ehun bat postu izango dira bertaratzen direnei abere ikusgarriak eta baserriko produkturik onenak eskainiz. Jai giroa ere ez da atzean geldituko, Durangaldean antolatzen den neguko azoka garrantzitsuenera jende andana inguratzen baita, egun eder batez gozatzeko helburuarekin.
GARA
Feriazaleek gorriz seinalatutako eguna izan ohi da San Blasekoa eta urtero bezala, Abadiñon ospatuko da gaur Euskal Herriko azoka garrantzitsuenetako bat. Erroskillak eta eztarria zaintzeko kordelak izaten dira egun honen bereizgarriak, baina Abadiñoko San Blasak askoz gehiago dira.
Egun osoan giro paregabeaz gozatzeko aukera ematen du azokak eta jende andana batzen da urtero. Abere ikusgarriak eta baserriko produkturik onenak eskuratzeko aukera ere izango da. Udalak BBKren laguntzaz antolatutako azokan 127 nekazari postu egongo dira, eta janariaz gain, landareak, makinaria eta eskulanak jarriko dituzte salgai.
150 abelburu ere egongo dira ikusgai. Antolatzaileek joan den ostiralean egindako aurkezpenean azaldu zutenez, aurtengo edizioa indartu egingo da zentzu horretan. Esan zutenez, hobekuntza genetikoak lortzeko helburuarekin lan egiten duten baserritarrek zortzi arraza purutako 64 behi eramango dituzte azokara.
Goizetik hasiko dute eguna, 9.00etan, herriko txistularien kalejirarekin, eta 10.30etik aurrera umeentzako tailerrak egongo dira Txanporta kultur etxeko arkupean. Pilota txapelketako finalaurrekoak eta meza nagusia izango dira 11.00etan eta horren ondoren, bertsolariak arituko dira Ferialeku plazan. Gohaikarri bertso eskolako Xabier Amuriza, Garikoitz Sarriugarte eta Eñaut Uruburu ibiliko dira kantuan.
12.30ean herri kirolen erakustaldia egingo dute probalekuan. Izeta II.a eta Izeta IV.a harri-jasotzaileak munduko errekor berria ezartzen saiatuko dira 125 kiloko harria 125 aldiz altxatzen. Herri kirolen euskal Federazioko ordezkariak izango dira saiakera ikuskatzen.
Bukatutakoan sarien banaketa egingo dute. Abelburu onenak aurkezten dituztenek eta bi nekazari postu onenak dituztenak eramango dituzte sariak. Abadiñoko baserritarrentzat ere sari bereziak izango dira. Jai giroa berotzen hasten denean, erromeria eskainiko du Lotxo taldeak, 16.30etik aurrera, Ferialeku plazan. Zaparrada burrunbada taldeak berriz, 20.00etatik aurrera girotuko ditu kaleak.
Ekitaldi gehiago
Egun handia gaurkoa izan arren, Abadiñoko San Blas jaietako ekitaldiak ez dira bertan bukatuko. Izan ere, bihar San Blas Txiki eguna izango da, eta 19.30etik aurrera, Abadiñoko Done Zezil abesbatzak Santa Agedaren koplak abestuko ditu kalerik kale. Ostiralean pilota txapelketako finalak jokatuko dituzte 19.00etan hasita eta txosnetan musika jaialdia izango da herriko eta Durangaldeko taldeekin. Tribute to RIP, Delirium Tren Ez eta Pixontxis arituko dira.
Larunbatean, otsailak 6, eskola arteko krosa egingo dute goizean, Asier Kidam magoaren saioa arratsaldean, eta Habeas Corpus madrildarren eta Trikizioren kontzertua txosnetan. Hurrengo astean, idi probak izango dira astelehenean eta otsailak 13rako bildots txapelketa eta bazkaria antolatu dituzte.
Izeta II.a eta Izeta IV.a harri-jasotzaileak munduko errekor berria ezartzen saiatuko dira 125 kiloko harria 125 aldiz altxatzen. 12.30ean egingo dute saiakera.
«Durangaldea maite dugulako» kanpainaren barruan, parodia bat egingo dute 11.30ean probaleku aurrean. «Inposatu» nahi duten lurralde antolaketa salatuko dute.