GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Ariane Kamio Kazetaria

Uneak unekoa ekar dezala

Kontzientzia apur bat hartzen hasten zarenean, txikitan pasatako gauzez akordatzen hasten zara. Oporretara nora joan zinen, amak zer esaten zizun igandeetako oinetakoekin futbolean aritzen zinenean, zenbatetan iritsi zinen etxera tripako minez barrena litxarreriaz beteta zenuelako... Nerabezaroan parentesi txiki bat egin eta etorkizunari begiak itxi gabe begiratzen diozu. «18 urte betetzen ditudanean...!» errepikatzen diozu zeure buruari behin eta berriro. Haiek betetzean, konturatzen hasten zara gurasoen etxean jarraitzen duzula (ikastera kanpora joateko aukera ez baduzu behintzat) eta zeinen gustura bizi zinen ikastolako garaietan, gehiegizko buruhausterik gabe. Gero lehenengo harreman serioetan sartzen zara, eta pixkanaka beste mundu eta pentsaera batzuei ateak irekitzen dizkiezu. Unibertsitateko askatasuna atsegin duzu (batzuetan bai behintzat), baina konturatzerako, garai horrek ere ihes egiten dizu eskuetatik. Zortea izan baduzu, lanpostua aurkitu duzu eta, bestela, birziklatzeko beharrean ikusten duzu zeure burua beste ateren batean jotzeko aukera izateko.

Bikotekidearekin denbora dezente daramazu eta elkarrekin bizitzea erabakitzen duzue; etxea, haurrak... Arrapaladan igaro da dena; atzera begiratzen duzu berriro, eta urrun ikusten dituzu unibertsitateko garai ero haiek, inori azalpenik eman behar ez zenionekoak. Seme-alaben lehenengo urteak, haien nerabezaroa, ikasketa garaiak, lehenengo harremanak... haiek ere gogoan dituzu.

«Eta orain zer?», galdetzen diozu zeure buruari. Erantzunik gabeko galdera da askorentzat (bai niretzat behintzat), eta gehiegitan errepikatzen dena. Oraina, etorkizunari lotuta etor dadila bederen, eta ez dezala bidean estropezu egin, bihar zer gertatuko den jakiterik ez baitago. Uneak unekoa ekar dezala, eta bestela galdetu egunean egunekoa bizitzera behartuta daudenei.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo