GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Gurutz Garmendia | Azkoitia

Burujabetasuna poltsiko beroen zaleentzat

Badira zenbait urte Ingalaterrako aldizkarietan Espainiako ekonomiaren egoera larriaz berri ematen hasi zirenetik. Gutxi gorabehera esaten hasi zirena hauxe zen: igotzen den guztia behera erortzen dela eta zenbat eta altuera handiagora igo, orduan eta danbateko handiagoa hartzen dela eroritakoan. Hiru ziren gure auzokide txit maitagarrien oinarri ekonomiko garaiezinak: barne kontsumoa, eraikuntzako negozioa eta turismoa. Eta hiru zutabe hauetan oinarritu dute euren hazkunde bikaina, Espainia beraien ustetan -sasoi batean Aznarrek behintzat horrela zioen- Europako beste herrialdeen jarraibide gisa gauzatuaz. Gure Aznar azenarioak, potro handiekin, Alemaniak Espainiako eredua jarraitu behar zuela ere esan zuen eta mundu mailako potentzia izatea zen euren helburu.

Baina aberastasunak aberastasun eta handikeriak handikeria, bukatu da behi lodien sasoia eta Espainia bertan behera erortzen ari da. Eraikuntzako negozioak porrot egin du eta turismoa ere oso-oso ukituta daukate. Ondorioz, barne kontsumoa ere izugarri jaitsi da eta gaur egun, zorrak zor, Espainia kiebra jotzeko zorian dago. Hala diote ekonomiaz hitz egiten diharduten mundu mailako aldizkariek eta, egia esan, egia hori antzemateko ez dago aditua izan beharrik. Jesukristoren afaria egin dute espainolek -baita euskaldun batzuek ere-, denetik jan da, bakoitzetik onena eta gainera lepo jan eta edan da, baina orain norbaitek ordaindu behar du zorra eta ez dago dirurik.

Hamar urte edo gehiagoko krisi-kiebra egoera iragartzen dute zenbait adituk Espainiarentzat eta ikusita zer nolako politiko zuzendari lotsagarri, ustel eta nazkagarriak dauzkaten, hamar urte baino seguruago hamabost izango dira. Eta zer egin horren aurrean? Euskal Herriko lurraldeak dira jasaten ari garen eta enpresa erraldoietako andre-gizonek eragindako krisi hau nolabait gainditzeko aukera bakarrak dituztenak eta hori gero eta nabarmenago ikusten ari da. Beraz, bi aukera dauzkagu, bata da Gasteiz eta Iruñeko politiko morroi eta txorimaloen menpean jarraitu eta Espainiarekin batera amildegirako bidea hartzea euskaldunok ere. Eta bigarrena altxatzea da. Iraultza ekonomiko eta sozialari bide ematea. Ebroko muga zaharrak berreskuratzea eta geure herriaren jabe eta arduradun egitea, milaka eta milaka urteetan izan garen gisa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo