Ibai Idoeta | Bilbo
Gasteizko Agirrezuazok: «Regitur fatis mortale genus»
Aguirrezuazo abizenaren etxean, Gasteizen dagoena, topatu nuen esaldi honek arreta deitu zidan. Izan ere, Lucio Anneo Seneca handiaren «Octavia» obratik datorren esaldi honek filosofia estoikoaren oinarriak batzen ditu: «Patuagatik zuzendua da espezie hilkorra». Edo, beste modu batera esanda, gizakiok patuaren mende gaude beti, eta egiten edo esaten edo desiratzen dugun edozerk ez du hori aldatuko.
Gizabanakoak bizitzari ekin behar dio, ez bizitzak norbera maneiatu. Gu gara geure patuaren sortzaile eta erantzule, eta guk oztopatuko dugu nahi dugunean. Gerta liteke batak besteari bideak gurutzatzea, tranpak jartzea edota bidezidorrak bilatzen saiatzea, baina beti gizakiaren eraginez gertatuko den gauza bat da.
Filosofia mintegikoek gomendatu didaten heinean, «Omnia secun-dum litem fiunt» askoz gizatiarragoa dela uste dut. Aristotelesengandiko zita dugu hau, Fernando de Rojasen «La Celestina»n datorrenetik literaturan joko asko izan duena. «Gauza guztiak borrokaren arabera gertatzen dira». Honekin ez dut biolentziarako grina sortu nahi, baizik eta «borroka» hitzaren konnotaziorik positiboenean egin nahi dut koska. Izan ere, gauza guztiak eraldatzeko geure ahalmenek baldintzatzen dute patua, ez patuak ahalmenak kontrolatu.