GARA > Idatzia > Mundua

Apartheid arrazistaren amaieraren 20. urteurrena ospatu dute Hegoafrikan

Hegoafrikan 400 urtez indarrean egondako apartheid arrazistaren erregimenari amaiera emanez eta preso politiko guztiak, Nelson Mandela barne, aske geratuko zirela iragarriz De Klerk presidenteak egindako diskurtso famatuaren 20. urteurrena ospatu zuten atzo.

p023_f01_148x116.jpg

GARA

«Afrikako Kongresu Nazionalari, Kongresu Panafrikarrari, Hegoafrikako alderdi komunistei eta bestelako erakundeei ezarritako debekuak bertan behera gelditzen dira, eta horien kide izateagatik kartzelan daudenak aske geratuko dira», izan ziren Frederik de Klerk Hegoafrikako presidente ohiak Parlamentuaren aurrean esandako hitzak duela hogei urte, 1990eko otsailaren 2an, egindako diskurtsoan.

Era horretan amaitu zen apartheid arrazistaren erregimena, eta bederatzi egun geroago, Nelson Mandelak, bazterkeriaren aurkako borrokaren ikurrak, Bakearen Nobel saria irabazi (1993) eta Hegoafrikako lehen presidente beltza izan zenak (1994-1999), askatasuna berreskuratu zuen, 27 urte preso eman ostean.

«Indarkeriaren garaia amaitu da. Orain hasten da berreraikitzearen eta adiskidetzearen aroa», gaineratu zuen De Klerkek diskurtso hartan, milaka pertsona Lurmutur Hirian Parlamentu zuriaren aurka protesta egiteko bildu zirelarik.

Hitzaldi hura «Hegoafrikaren historian inflexio puntua izan zen. Hegoafrikar zurientzat, mendeetan zehar azpiratzean eta bazterkerian oinarritutako nagusitasunezko posizio bati amaiera emateko desioa irudikatu zuen», azaldu zuen FW (Frederik Willem) de Klerk Fundazioaren zuzendariak.

Aro berria

«Hegoafrikar beltzentzat, 1990eko otsaileko gertaerek, FWren diskurtsoak eta Mandelaren askatasunak, duintasunean, berdintasunean eta giza eskubideetan oinarritutako aro berri baten hasiera iragarri zuten», jarraitu zuen Dave Stewardek.

Azken presidente zuriak, hautatua izan eta bost hilabetera egin zuen diskurtso famatu hura, herritarren giroa gori-gorian, eta nazioarteko zigorren eraginez, ekonomia lur jota zegoela.

Paul Graham Hegoafrikako Demokraziarako Institutuko zuzendariaren iritziz, «herrialdea kaos egoeran murgildu ez zedin egindako keinu ausarta izan zen, oso keinu ausarta».

«The Star» egunkari hegoafrikarrak, atzoko edizioan, Auschwitzeko kontzentrazio esparrukoen askatasunaren edota Berlingo harresiaren erorketaren parean jarri zuen De Klerken diskurtsoa: «5.000 hitzekin, zuriek 400 urtez izandako nagusitasunari amaiera eman zion».

Urteurrena gogoratzeko, Fundazioak «1990eko otsailaren 2tik 20 urte: iraganari begira, etorkizunari begira» izeneko konferentzia egin zuen atzo. De Klerkek berak parte hartu zuen eta apartheidaren amaieratik herrialdeak izandako bilakaera aztertu zuen.

«MADIBA»

De Klerk presidente ohiak adierazi zuenez, «Madibak», izen horrekin ezagutzen baitzuten Nelson Mandela, inork baino lehen ikusi zuen «irtenbide demokratiko eta negoziatu baten beharra».

ERAKUSKETA

Bazterkeriaren amaierarekin bat eginik, Nelson Mandela Fundazioak iragarri zuen datorren astean Mandelaren bizitzaren inguruko erakusketa inauguratuko dutela Lurmutur Hiriko Iziko museoan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo