GARA > Idatzia > Ekonomia

UPN eta PSN krisia era «negargarrian» kudeatzen ari direla salatu du NaBaik

GARA |

Nafarroa Bai (NaBai) koalizioak gogor salatu zuen atzo Nafarroako ongizate maila nabarmen okertu dela, eta UPN eta PSN alderdien jarrera kritikatu zuen. Ongizatea bermatzeko «funtsezkoak» diren laguntza ugari ezabatu edo gutxitu egin dituztela azaldu zuen NaBaik. Era berean, Foru Gobernuak UGT, CCOO eta Patronalarekin hitzarturiko Enplegu Plana eta gisako neurriak berrikusi behar direla aldarrikatu zuen, besteak beste, urtarrilaren amaieran 43.278 langabe zeudelako herrialdean.

Orokorrean, Nafarroako Gobernua, PSNren laguntzarekin, krisia era «negargarrian» kudeatzen ari dela salatu zuen eta bi alderdi hauek krisia ez dutela «serio» hartzen baieztatu zuen. Zentzu honetan, Gobernua «errealitatea itxuraldatzen» edo «kalkulu okerrak» egiten dabilela adierazi zuen. Izan ere, eta adibide gisa, 2010. urterako oinarrizko errentara bideraturiko aurrekontua murrizteagatik kezka azaldu zuen NaBaik, langabeziak hazten jarraitzen baitu. Era berean, Gobernu espainolak erretiro adina atzeratzeko egin duen proposamenaren aurka azaldu zen koalizioa, ongizatearen «oinarria» diren pentsioak hizpide hartuta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo