GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Harri-jasotzea

Izetatarrek 125 kiloko zilindro koparekin marka egingo dute Abadiñon

Jon LEUNDA

Izeta II.a eta Izeta IV.a aita-semeak gaur eguerdian, 13.00etik aurrera, Abadiñoko probalekuan izango dira marka pertsonala egiteko. Txanda librean 125 kiloko zilindro koparekin arituko dira lanean. Helburua 125 jasoaldi ematea izango dute, eta lan horretarako denborarik ez dute finkatu, eta hortaz lanerako denbora mugarik ez dute izango.

Ez da marka egiten ahalegintzen diren lehen aldia, lehen ere aitak eta semeak elkarrekin marka egina dutelako. Azkena joan den abuztuan egin zuten Ergobian, eta orduan 100 kiloko zilindro zaharra erabili zuten txanda librean, eta orduan 100 aldiz altxatu zuten, eta lanak burutzeko 6 minutu eta 55 segundo behar izan zituzten.

Gaurkoari begira, Izeta II.ak atzo Euskadi Irratiari esan zionez, 11 minuturen bueltan ibiltzea espero dute, eta tarte horretan lanak amaituta izatea nahi dute.

Hasiera batean, Izeta II.ak, aitak, eramango du lanaren zama handiena, eta aldaketak nola egin ere pentsatuta dutela esan zuen atzo. Berak bost jasoalditako txandak egingo dituela, eta semeak laukoak, hau da, berak bost aldiz jarraian jaso, eta gero semeari utzi, honek beste lau egiteko, eta horrela helburua bete bitarte. Nolanahi ere, amaieran indarrak nola dauden ikusita gauzak aldatu daitezkeela adierazi zuen.

Nahiz eta adinean aurrera joan, Izeta II.ak egungo onenetakoa izaten jarraitzen du. Harri txikiekin punta-puntan jarraitzen du, eta bere semea ere atzetik indartsu dator ate-joka. Urtetik urtera hobetzen ari da, eta hori aitak ederki ikusten du, eta garbi dauka orain aprobetxatu behar dutela unea elkarrekin honelako lanak egiteko.

Aita batek bere semearekin honelako marka bat egitea ez da batere erraza, baina oraingoz Izetatarrak horretan ari dira, eta gauzak ongi eginez gainera. Gaur ere betiko geratuko den zerbait egingo dute ziur.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo