GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Langabeziari buruzko datu hotzak, edonor berotzeko moduko kasuekin batera

Finantza krisiak eztanda egin zuenetik ekonomiari eta bereziki enpleguari buruzko datu kezkagarriak eguneroko ogia dira. Azken hilabetean espainiar enplegu zerbitzuetan, INEMen, izena emana duten pertsonen kopurua jakin genuen atzo, eta Euskal Herriari dagokionez, langabeziak nabarmen egin du gora. Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan batez besteko igoera %6koa da, eta zerrenda honen arabera, dagoeneko 180.000 pertsona inguru daude lau herrialdetan lanik gabe. Halaber, urtebeteko erreferentzia hartuz gero, iazko urtarrileko datuekin konparatuz, %20 inguru hazi da langabezia.

Hemen egoera larria bada, zer esanik ez Estatuaren kasuan, izan ere, datu hauen arabera, lau milioitik gora pertsona daude gaur egun lanik gabe. Nolanahi ere, euskal agintariek eta patronalaren ordezkariek bolo-bolo darabilten argudioa, hau da, esanez hemen sikiera gauzak ez daudela hain gaizki, kontsolamendu eskasa da lana galdu duenarentzat. Gainera, independentistei arrazoia ematen dien argudioa da, gehienez ere.

Behin baino gehiagotan esan denez, datuak hotzak dira, eta halakoetan apenas iradokitzen dute beren atzean ezkutatzen den giza eta gizarte tragedia. Bateko eta besteko datuak gurutzatuz irudi errealago bat sor daiteke. Adibidez, familiako kide guztiak langabezian dutenen kopurua, krisiaren ondoren hipotekari aurre egin ezin izan diotenen eta etxea galdu dutenen kopurua, langabeziaren ordainsaria agortu dutenen kopurua, karitateko entitateen lanaren gorakada edota enplegua erregulatzeko espedienteen menpe dauden enpresa eta langileak kontuan hartuta egoeraren benetako larritasuna are nabarmenago azaltzen da.

Dena den, egoera honetan kasu zehatz batek datuek baino argiago erakuts dezake errealitatearen gordina. Horixe gertatzen da Sestaoko Vanessa Aparicio eta Janire Calvoren kasuekin, biak gazteak eta biak ume banaren ama. Ezin diete bizitzeko gastu minimoei aurre egin eta beldur dira laster etxetik botako dituztelako. Bazterketa sozialari aurre egitea helburu duen Berri Otxoak taldearekin batera, Sestaoko Udalaren jarrera salatzen dute, ez baititu lagundu nahi. Bankuetara eta higiezinen enpresetara bidali dituzte, hauek irtenbiderik ez dietela emango jakin arren. Eskualde horretan halako egoerak uste baino ohikoagoak dira, hor bai, langabezia tasa %20tik gertu dagoelako. Paradoxikoki, krisiaren ondoren administrazio publikoek egoera hauek leuntzeko pentsatuta zeuden laguntza sozial asko murriztu edo zuzenean eten egin dituzte.

Datuak datu, kasuak kasu, egoera hauek justifikatzen dituen sistema ordezkatzeko alternatiba bat eraiki behar da, dagoeneko bihotzaren ordez izotz bloke bat ez baldin badugu, behintzat.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo