GARA > Idatzia > Euskal Herria

Kronika | Zubietako inauteriak

Joareen burrunba eta irudimen maltzurrena bat eginik, inauteriei harrera egiteko

nauteriak bertan dira! Hori iragarri dute Malerrekatik iritsitako joare hotsek. Soinu horrek, tradizioaren arabera, izpiritu txarrak uxatzen ditu; egun, ordea, kontrako efektua ere lortzen du sarri, mozorro maltzurrenak gaiztakerietan batzen baitira joaldunen inguruan. I

p019_f03.jpg

Oihana LLORENTE

Asko dira joaldunen ospeaz gidaturik egunotan Ituren edo Zubietara bertaratzen direnak, are gehiago, Nafarroako Gobernuak herri horietako inauteriak Kultura Ondare izendatu dituenetik. Hurbiltzen direnek badute, ordea, horrez gain, zerekin egin barre edo negar. Bertakoentzat algara eragilea den mozorroa, kanpotarrentzat sarri izaten da ikaraz korrika alde egiteko modukoa.

Gainerako urteetan baino lasaiago agian, baina estualdi ugari igaro zituzten bertaratutakoek, askok gainera, horien ondorioekin bueltatu behar izan zuten etxera, asto pixaz bustirik nahiz sardina usaina kendu ezinik.

Sabela betetzeko orduan zubietarrek ez dute presarik eta luze itxaron behar izan zuten turistek herriko plazan. Talogi- leak, eskolako txangoetako neska-mutilen edota japoniarren antzera kameretatik banandu ezinik ziren herritarren itxaronaldiarekin negozio egiten ahalegindu baziren ere, ilara apurtzen saiatu zena ere tartean zebilen: Momotxorroen antzera jantzitako zubietarra. Hark eragin zituen lehen ikara oihu eta korrikaldiak; kirola ere egin zuen, ihesi zihoazen «hiri kumeei» maldan goran ere atzetik jarraituz.

Txakurren antzera, zubietarrek sumatu egiten dute beldurraren usaina. Tente-tente eta harridura seinalerik eman gabe gelditu arren, Malerrekan galdua zaude: beti izango zara-eta mozorroen jomuga.

Ikaraldi batzuk igaro ostean, iritsi zen deseatutako unea. Hamaiketako luzearen ondoren, Ituren eta Aurtitz auzoko joaldunen bila abiatu ziren Zubietako joaldunak. Esperientziadun joaldunek ireki zuten bidea, gerritik zintzilika zituzten joareek erritmoa markatzen zuten bitartean. Garai berrietara ondo egokitutako ohitura izanik, emakumeek ere janzten dituzte joareak, baita erritmoari jarraitu ezinik, arnas estuka zenbiltzan umeek ere.

Gogoz eta indartsu egin zuten errotara bitarteko bidea, makina bat mozorro eta karroza biltzen ziren bitartean. Gaztainak egin ahala banatzen zituztenak zeuden, baita itsasontzien militarizazioa mozorro bilakatu zutenak ere. Kanoi handi bat ikusleengana begira jarri, eta sardina zaharrak jaurtitzen zituen «Sekuestrua Somalia» zioen karrozak. Ez zen gaurkotasuneko gaiekin harremana zuen karroza bakarra izan, AHT Zubietara iritsi zen eta eraikuntzaren krisia hormigoi makina eta guzti agertu zen.

Joaldunak elkarri agurtu ostean egin zuten Zubietarako buelta, ohiturak dioen legez, lurrean dauden indarrak joareen zaratarekin iratzarriz. Herria zeharkatu eta bete-bete eginda zegoen plazan amaitu zuten ibilaldia. Joareen hotsak amaituta, eromenak hartu zuen Zubieta. Arrantza-ontzikoak, sareak zabaldu, eta jende artean nor harrapatuko aritu ziren, tutu batetik asto pixa botaz eta irina zabalduz zebiltzan bitartean.

Hartzek eta aker beltzak ere korrikaldi bat baino gehiago eragin zituzten, «terrorearen etxeak» bazterrak bustitzen zituen bitartean. Txaranga agertu zen jarraian, jai giroa lau haizetara zabalduz. Ituren eta Zubietak abiatu besterik ez dute egin datozen egunotan Euskal Herrian barna zabalduko den jaia.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo