Zinema Eraikitzen ataleko «Contracorriente» filmak publikoaren saria jaso du Sundance-n
GARA | DONOSTIA
Tolosako (Okzitania) Zinema Eraikitzen 15en eta Donostia Zinemaldiko 2009ko edizioan Horizontes Latinos atalean aurkeztutako «Contracorriente» filmak Sundance zinema jaialdiko publikoaren saria irabazi berri du, World Cinema atalean.
Javier Fuentes-Leon zuzendari duen filma Peruren, Kolonbiaren, Estatu frantsesaren eta Alemaniaren arteko koprodukzioa da. Miguelen eta Santiagoren arteko ezkutuko maitasun harremana kontatzen du filmak. Santiago margolari atzerritar bat da, eta Miguel, berriz, laster aita izatekoa den arrantzale ezkondua.
Zinema Eraikitzen 15en parte hartzeko hautatu zuten «Contracorriente», 2009ko martxoan, Tolosako Rencontres Cinémas d'Amérique Latine topagunean. Ondoren, Donostiako Zinemaldiko Horizontes Latinos atalean aurkeztu zuten 2009ko irailean eta Gehituk ematen duen Sebastiane saria irabazi zuen. Sundance zinema jaialdiko publikoaren saria irabazi du orain «Contracorriente» filmak World Cinema atalean. Ameriketako Estatu Batuetatik kanpo eginiko filmak eskaintzen dituzte atal horretan.
Donostiako Zinemaldiak eta Tolosako Rencontres Cinémas d'Amérique Latine atalak bultzatzen dute Zinema Eraikitzen ekimena, Latinoamerikako filmak amaitzen laguntzeko.