BETERRIKO III. BERTSOLARI TXAPELKETA
Asteasuko kanporaketaren ondoren, prest da Zizurkilgo saioa
Iragan ostiralean hasi zen Beterriko III. Bertsolari Txapelketa Asteasuko Aitz-ondo elkartean. Txapelketan parte hartuko duten lau taldeetako bik egin zuten aurrez aurre: Sorgin-orratzak izeneko taldean Iñaki Apalategi, Ander Lizarralde eta Unai Muñoa lehiatu ziren eta Labezomorroen taldean, Iñigo Izagirre, Jokin Uranga eta Jokin Labayen, ikus-entzulea beste epailerik ez zegoela. Eta Sorgin-orratzak gailenduta, horiek izango dira Villabonako finalean. Bigarren finalista martxoaren 6ko Zizurkil goiko Zentroko bertso-afaritik aterako da (sarrerak salgai dira, 943 30 07 33 tl.). Armiarmak eta Mandeuliak lehiatuko dira.