GARA > Idatzia > Kirolak> Futbola

Ordutegi berriak

Partidak egunero, datorren astetik aurrera

Lehen Mailako partidak izango dira astelehenetan eta Bigarren Mailakoak ostiraletan, LFPren Batzar Orokorrak atzo onartu zuenez.

p035_f01_666x666.jpg

Amaia U. LASAGABASTER

«Bihotzean poza eman» badezake, nola ez ditu ohiturak aldatuko diruaren hotsak? Ez zen ustekaberik egon LFPren Ezohiko Batzar Orokorrean eta, datorren astetik aurrera, egunero izango dute zaleek futbol partidak ikusteko aukera.

Asteartetik ostegunera, orain arte bezala, nazioarteko txapelketen eta Koparen txanda izango da; ostiraletik astelehenera Ligak hartuko du lekukoa. Bigarren Mailako partidak izango dira, hain zuzen ere, ostiraletan -orain arte GolTk eta C+Ligak larunbatetan eskaini dutena-; eta Lehen Mailakoak astelehenetan. Kasu bietan gaueko bederatzietatik aurrera eta, kasu bietan ere, ordaindu beharrekoak. Ostiralekoak GolTk eta C+Ligak eskeiniko dituzte eta astelehenekoak, GolTk, Digital+eko abonatuek PPV modalitatearen bidez ikusteko aukera ere izango duten arren.

LFPko ordezkariek azaldutako arrazoiak anitzak izan dira -Bigarren Mailako partidek egun Premier Leaguerekin duten konpetentzia, zaleentzako aukera zabaltzea...-, baina bakar batek ederki azaltzen du aldaketa: ikus-entzuneko plataformen interesak. Zenbat eta ordutegi zabalagoa, orduan eta produktua saltzeko aukera handiagoa. Hau da, dirua biltzeko aukera handiagoa. Astelehenetako partidarekin, hain zuzen ere, zortzi izango dira norgehiagokak ikusi nahi dituen zalea patrika arintzera derrigortuko duten hitzorduak: ostiraletan bederatzietan (GolT eta C+Liga); larunbatetan, seiretan eta zortziretan (GolT eta C+Liga); igandeetan hamabietan (Canal+), bostetan (PPV), zazpiretan (C+Liga eta GolT) eta bederatzietan (Canal+); eta, hemendik aurrera, astelehenetan bederatzietan (GolT eta PPV Digital+-en bidez) hasten diren norgehiagokak.

Ligak plataformetatik jaso dezakena klubek beste bide batetik gal dezakete. Orain dela hamabi urte antzeko saiakera egin zen eta, bi denboralditan zehar, Antena 3ek partidak eman zituen astelehenetan. Ikus-entzule kopuruak gora egin zuen eta zelaietako harmailetan bildutako zaleen kopuruak, berriz, behera. Halako orduetan etxetik kanpo ibiltzeko aukerak ez dira hainbestekoak lanegunetan zaletu gehienentzat.

Antolaketa

Laster ikusiko da erabaki berriarekin asmatu duten ala ez, datorren astean, otsailaren 12an hain zuzen ere, jarriko baita martxan. Eta horrela jarraituko du 2014. urtera arte, atzo onartutakoaren arabera.

Jardunaldiak orain arteko irizpideen arabera antolatzen jarraituko dute. Hau da, Txapeldunen Ligako partida duten taldeek, beren neurketa larunbatera aurreratu ahal izango dute. Europa Leaguen lehiatzen dutenei dagokienez, -partidak ostegunetan jokatzen dira-, ez dituzte aurreko astelehenetan jokatzera behartuko.

Gainera, Espainiako selekzioak -nagusiak eta baita 21tik beherakoak ere- jokatzen duen asteetan, jardunaldi osoa asteburuan jokatuko da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo