GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Xanti Begiristain Madotz | Iruñea

Aratzuriko biometanizazio planta

Aurreko urteetan Iruñerriko Mankomunitateko gobernu taldea jo eta su saiatu zen Aratzuriko biometanizazio planta aurrera eramaten, nahi eta nahi ez, baita bertako herritarren borondatearen aurka eta gainetik izan behar bazuen ere; kosta ahala kosta.

Aratzurikoek bi arrazoi nagusi bezain handi eman zituzten plantaren aurka jotzeko, alde batetik, Aratzuri halako herri txikia izanik, dagoeneko nahiko ordainduta zeukatela beren gizartearen aldeko zerga, lehendik ezarri zitzaizkien araztegi plantak bertan edukita eta, bestetik, dirudienez, itsu batek ere ikusi ahal zuelako balizko biometanizazio planta berria, herritik legeak baimentzen duena baino hurbilago geldituko zela.

Askotan bezalaxe, erraldoiak pentsatu zuen txikia zapaldu, menderatu eta isilaraziko zuela, bere botere, harrokeria eta eraginekin, baina ez da hala izan. Orain Iruñerriko Mankomunitateari etorri omen zaio Espainiako Auzitegi Gorenak eman duen aurkako epaia, alegia, biometanizazio planta atzera botatzeko.

Borroka-urte asko igaro dira. Mankomunitateak dirutza ikaragarria xahutu du alferrik, bururik gabe eta jauntxo moduan; bataila galdu egin du. Aratzuriko herritarrek, ordea, borroka zilegi hura era ohoretsuan irabazi dute. Baina, nork ordainduko ote ditu orain sortutako kalteak eta galdutako dirutza ikaragarri horiek, e? Segur aski, eta beste hamaika alditan bezalaxe, kasu honetan ere, agintari txar, gaizto (?) eta ustel (?) batzuen akatsak eta erruak denen diruarekin ordainduko dira, hau da, sos publikoekin.

Kontua da gertaera horiek guztiek arduradun eta erantzule batzuk dituztela. Denok gogoratzen dugu oso ongi garai hartan Mankomunitateko lehendakaria Luis Ibero jauna zela, CDNk eta UPNk jarria. Zergatik orduan ez dute ordaintzen jauntxokeria, jauntxo eta andretxo errudun eta tenkor horiek, e? Horra hor misterioa!

Laburbilduz, nire ustez, Iruñerriko Mankomunitateak arrunt gaizki jokatu zuen gai horretan!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo