GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Fito Rodriguez Bornaetxea EHUko irakaslea

Howard Zinn alderraiaren agurra

Howard Zinni erretiroa hartzea egokitu zitzaiolarik, ezin izan zen geratu Unibertsitatean prestatu zioten omenaldian, manifestazio batera joan behar izan zuelako. Ez da, noski, anekdota hutsa...

Ibiltaria zelako ezagutu genuen Euskal Herrian, duela hamaika urte, berriki zendutako idazlea. Bostongo Unibertsitatean erretreta hartu ondoren, hemengo borroka zuzenean ezagutzera etorri zen. Egia auzoan elkartu ginen, Arrano Elkartean.

Alice Walker, Bruce Springsteen, Tim Robbins, Naomi Klein edo Noham Chomskyren adiskide miretsia, laguna zuen hizkuntzalari ospetsua ez bezala, borrokalari baikorra zen eta, halabeharrez, intelektuala.

Hona etorri zenean, Eva Forest burkide, Hiru argitaletxearekin batera kaleratutako bere «A People's History of the United States» ospetsuaren itzulpena aurkeztu zuen eta, bide batez, Hiruk bildutako hiru saiakeren edukia (Sediciones 8) ere azaldu zigun. Hau da, Zinnen aburuz, Historiaren irakurketa kritikotik herri menperatu eta, oro har, zapaldu guztien itxaropena ondorioztatzerik badago. Milan Kunderaren esaera, «Boterearen kontrako gizakiaren borroka oroimenak ahanzturaren kontra egiten duen borroka bera dela», izan liteke hildako historialari honen mezua, gehigarri batez horniturik baina, borroka hura, ezinbestekoa izateaz gain, irabazteko borroka dela.

Beraz, Chomsky edota Foucault ikertzaileak ezkorrak izan diren neurri berean izan dugu Howard Zinn intelektual borrokalari baikorra.

Horrek ez du esan nahi, ordea, halako jarrera naifa izan duenik. Aitzitik, inperialismoaren indarraz aski jabeturik bazekien, jakin ere, hauteskundeetan oinarritutako Mendebaldeko demokraziaren bidez soilik hutsaren hurrena eskuratzea dagoela. Hil aurreko bere azken artikulua prentsan, adibidez, Obamaren erretolika eta haren Gobernuak eragindako ustezko aldaketak salatzeko izan zen. Baina Zinnek, halaber, AEBetan dagoen herri erresistentzia ezezagunaren berri eman izan digu beti.

Haren hitzetan, bada, inperioaren indarra hark erabilitako amarruen parekoa da. Inperialismoak egoera zilegitzeko balizko demokrazia erabiltzen badu ere, ezin ditu bere hutsuneak agerian utzi, ezta bere aurka agertu ohi diren salaketak zabaltzea onartu ere. Horregatik kontrolatu behar ditu historia, hedabideak eta heziketa, injustiziari aurre egitea posiblea izateaz gain, uste baino jarrera zabalagoa dela ezkutarazteko, hain zuzen.

Ezaguna da anekdota, Howard Zinni erretiroa hartzea egokitu zitzaiolarik, ezin izan zen geratu Unibertsitatean prestatu zioten omenaldian, manifestazio batera joan behar izan zuelako. Ez da, noski, anekdota hutsa...

Baina ez da haren jarrera pertsonala edota intelektuala bakarrik gogoratu beharko genukeena, haren idazkerak ere merezi baitu behar bezalako arreta, oraingo honetako lau lerro eskasetan, zoritxarrez, ematerik ezinezkoa dena; baina, tira, literatura irakurriz idazle eta iraultzaile bihurtu zela hona ekartzea ez dago soberan. Giro txiroetan hazia, liburutegitik hartutako irakurketez hezi zen. Sacco eta Vanzettiri buruzko biografiak politikaren alde iluna erakutsi zion eta, testu ideologikoei ekiteaz bat, antzerkirako nahiz saiakera literariorako grina landu zuen.

«Hezkuntza iraultzailea egiterik badagoela sinesten dut», esan zidan, «nire heziketa lekuko, etorkinaren sentimenduetatik hasi nintzen irakurtzen nahiz pentsatzen, eta horrek aldatu ninduen... mundua, bada, historian, teorian edo informazio arloan lan egiteak alda lezake».

Honakoak eta antzerakoak argitaratu nituen «Ezpala» izeneko aldizkarian 1999an. Aldizkaria aspaldi itxi behar izan zen 18/98 sumarioa zela eta. Bildu ginen tokia, Egiako Arrano Elkartea, poliziak miatu eta, bertan zegoenetik, nahi zuen guztia eraman zuen.

Howard Zinn, baikor ibiltari hura hil zaigu... ez nuke itxaropenerako aldarterik eduki behar, baina bere idazkiek kontrakoa ihardesten didate, zalantza izpirik gabe.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo