GARA > Idatzia > Euskal Herria

Euskal Herriaren aldeko ekintzak mundu zabalean, Elkartasun Asteari erantzunez

Mundu zabaleko hemezortzi herrialdetako «Euskal Herriaren Lagunak» elkartasun taldeek dozenaka ekimen egingo dituzte datozen egunetan, «Sozialismoaren bidean... askatasuna Euskal Herriarentzat!» lelopean.

p012_f02.jpg

GARA | DONOSTIA

Bihar hasi eta datorren larunbata bitartean Euskal Herriarekiko Nazioarteko IV. Elkartasun Astea gauzatuko da mundu osoko hainbat bazterretan. Askapenak jakitera eman duenez, sortu zenetik hazi besterik ez da egin ekimena, eta datozen egunetarako 70 mobilizaziotik gora daude iragarrita 18 herrialdetan zehar, Elkartasun Astea dela-eta.

Irlandak ez du itxaron nahi izan eta pasa den urtarrilaren 30ean, Derryko Igande Odoltsua gogoratzen duen urteroko martxan egon ziren Euskal Herriarekiko elkartasunez jokatzen duten taldeak. Euskal Herriaren askatasuna galdegiten zuen pankartaz gainera, euskal preso politikoen argazkiak eta Iñaki de Juana eta Arturo Villanuevaren estradizioa arbuiatzen zuen mezua ere ikus zitezkeen.

Argentinan ere egin dute lehen ekitaldia. Buenos Aireseko Bauen hotelean izan zen asteazkenean «Todos somos vascos, todos estamos con Euskal Herria» lemarekin deitutako ekimena eta makina bat eragilek egin zuten bat deialdiarekin.

Argentinaz eta Irlandaz gain, Alemanian, Eskozian, Ingalaterra, Suitzan, Danimarkan, Norvegian, Italian, Eslovenian, Portugalen, Mexikon, Uruguain eta Venezuelan ere mobilizazioak izango dira, baita Estatu frantseseko eta espainoleko hainbat txokotan ere.

«Sozialismoaren bidean... askatasuna Euskal Herriarentzat!» leloa zabalduko du aurten Elkartasun Asteak, eta aurrera eramango dituzten ekintzak ugariak eta anitzak izango direla iragarri du Askapenak, hala nola espainiar zein frantziar enbaxaden aurrean elkarretaratzeak, muralak, kontzertuak, ekitaldiak, hitzaldiak, edota mahai-inguruak.

Bereziki nabarmentzekoa da Italian egingo duten Elkartasun astea. Izan ere, han dozenatik gora dira elkartasun taldeak, Euskal Herriaren aldeko lanean, eta 30 ekintza baino gehiago antolatu dituzte egunotarako. Horrez gain, otsailaren 20rako manifestazio nazionalerako deia egin dute, eta milaka lagunen parte-hartzea espero dutela azaldu du Askapenak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo