GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Pello Zabala | eguraldi aditua

Agate deuna

Atzo iñularrean kanpai hots handirik ez zen ibiliko bazterretan. Kantu eta zantzo bai, lekaioak tartean, makil sendokoteen konpasean. Baina, antzina bai, Azkuek bildu zigun usadioari esker, badakigu kanpai hots luzea ematen zela. «Santa Ageda bezpera gaubean, aremarietako kanpaeak ots eginda gero, dindan asten dira parrokia ta ermita guztietako kanpaeak gauerdirarte yoten. Arratsaldetik, etserik etse ibilten dira auzune guztietan kanpae-yotzailentzat dirua batzen». Hara arrazoia: kanpai-joleen festa eguna izan. Ofizio ondrosoa baitzen kanpai-joleena. Ez irrati eta ez telebista bizi zirenean, kanpaiak mezulari. Su-kanpaia maizen, baina baziren aingeru-kanpaia bezala hil-kanpaiak, batzuetan ostots-kanpaiak ere bai, ekaitzaren berri emateko. Ez zen ez, inprobisatzaileen ofizioa, ofizioz eta eskarmentuz ikasia baizik.

Jaiera sakona izan du Agatek Catanian bezala Erroman. Martirio latzean bularrak errotik erauzi zizkiotenez, inudeen zaindari aurrena eta gero kanpaigileena: hauengandik pasatuko zen kanpai-joleengana. Zabaldu ahala, Katalunia osoan izan da santa honen debozio bizia: bertan emakumeen zaindaritza erantsi zioten, festa bereziak eginez laborarien auzoetan batik bat. Geurera ere iritsi bide zen: «Santa Ageda santia, Muniketako lorea, martirioak pasa zenduzan zaindutearren fedea», kantatzen zuen Zeanuriko Maurizia alaiak.

Zuberoa aldean bada kontakizun bitxia: «Santa Agata egunarekilan labekaren egiten etxeko anderea ari züzün. Gatu batek hartu zeion eta yan ohi-orhe muxi bat. `Gat hortik' erran zion gatuari, eta orduan Santa Agatak errepostua eman ziozun: `Enun ez Gat, bena bai Santa Agat. Eta so egin ezan gibelealat'. Eta etxea sutan ikusi zian. Horregatik etzen hemen Santa Agata egunean ez labekarik ez butakarik egiten». Bazuen bai jaierarik, ez labekadarik eta ez harrikorik egiten ez zenez, lanik bariko festa eguna ospatzen zuten, alafede.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo