The Dirty Pink Ladies taldeak «Sunrise Orchestra» diskoa taula gainean aurkezten jarraitzen du
60ko eta 70eko hamarkadetako rock&rolla ardatz, The Dirty Pink Ladies taldearen disko berria gitarra riff biziez eta melodia gozoez gainezka dator. Diskoa kalean, zuzeneko aurkezpenak dira orain taldearen jomuga.
Koldo OTAMENDI | DONOSTIA
The Dirty Pink Ladies 2005eko azaroan sortu zen Irunen (Gipuzkoa), Urko Roa (bateria), Alain Martinez (gitarra eta ahotsa) eta Jon Garciak (baxua eta ahotsa) rock&roll talde bat osatzeko elkartzean. Taldearen lehen erreferentzia «The return to the accion» EP formatuko diskoa izan zen, 2008. urte hasieran argitaratua, autogestioaren bidetik. Lan hori aurkezteko zuzeneko emanaldiak eskaini eta gero, entsegu lokalean murgildu dira azken bi urteotan, disko berriko kantuak konposatzeko.
«Sunrise Orchestra» diskoaren grabaketa prozesua luzea bezain sosegatua izan da. Bi aro ezberdinetan banatua, denbora hartu dute iraupen luzeko lehen lana egiteko. Urkoren esanetan, «Gitarra, bateria eta baxua Berako MIK estudiotan grabatu genituen Maikel soinu teknikaria izan genuelarik. Gerora, hilabete batzuk pasatzen utzi genituen hitzak eta beste zenbait ñabardura prestatzeko, eta Karlos Osinagarekin amaitu genuen grabaketa, teklatuak, ahotsak, eta beste zenbait instrumentu barneratuz».
Musikalki 60ko eta 70eko hamarkadetako rock&rollaren orbitan kokatzen da The Dirty Pink Ladies taldearen musika, nahiz eta ñabardura berriagoak ere nabaritzen dira taldearen eremu musikalean. «Disko berriko kantuetan atzera begira jarri gara, soinu aldetik garai horietara begirako keinuak eginez». Taldea hiruko bezala sortu zen, eta horrela eman zituzten lehen kontzertuak, eta horrela argitaratu zuten lehen disko txikia ere. Bigarren diskoa konposatzen hastearekin batera, ordea, Rakel Canales sartu zen taldean, teklatua jotzera. «Teklatua sartzeko ideia aspaldikoa da, eta Rakelek hutsune hori bete du. Uste dut hemendik aurrera teklatuaren presentzia handiagoa izango dela gure kantuetan», dio Urkok.
Bloody Hotsak zigilua
Diskoaren edizioa Gaztelupeko Hotsak diskoetxearen BloodyHotsak azpi-zigiluaren ekoizpena da, Bloody Mary musika dendarekin elkarlanean abian jarritako egitasmoaren erreferentzi berri bilakatu dena. Diskoetxe honek ohikoa duen moduan, «Sunrise Orchestra» lanak binilo edizioa ere izango du, rock&roll talde guztiek estimatzen duten musika formatuan. «CD edizioa urrian atera zen, eta laster kaleratuko da binilo edizioa. Dagoeneko fabrikan dago, eta laster esku artean izatea espero dugu».
Taldea oholtza gainean zer eskaintzeko gai den galdeturik, honakoa adierazi digu Urkok: «Guretzako estudioko lana gauza bat da, eta zuzenekoak beste istorio bat dira. Kantuak moldatzen ditugu, zuzeneko batek behar duen energia eta indarra bilatuz. Egun entsegu lokalean kantuak konposatzeari utzi diogu, eta zuzenean jotzen ditugun kantuak moldatzen eta hobetzen igarotzen dugu denbora». Azken batean, rock&rollak beharrezkoa duen energia hori islatzen du taldeak oholtza gainean, non izerdi tantek eta tenperaturak berotasunean gora egiten duten gitarra riff bakoitzean.
Datozen hilabeteetarako kontzertu ugari dituzte hitzartuak «Sunrise Orchestra» zuzenean aurkezteko. Gaur bertan, Donostiako DOKA aretoan arituko dira On Benito taldearekin batera, eta bihar, SextySexers taldearekin konpartituko dute agertokia Ondarroako Kafe Antzokian. Otsailaren 12an, berriz, Durangoko Plateruenan arituko dira Bloody Mary musika dendaren 20. urtemuga jaian, eta hilaren 13an taldea Elorrioko gaztetxean ikusteko aukera izango da.
Taldea: The Dirty Pink Ladies.
Diskoa: «Sunrise Orchestra».
Diskoetxea: Bloody Hotsak.
Zuzenean:
GAUR: DOKA aretoa (Donostia)
BIHAR: Kafe Antzokia (Ondarroa).
www.myspace.com/thedirtypinkladies,
www.hotsak.com.