Eszenak
Kale gorrian
Dorleta URRETABIZKAIA | Aktorea eta idazlea
Hungariako kaldereroak gara etorririk Euskal Herrira, laster Momok argituko digu nahiz eguna nahiz eta gaua...». Kaldereroen kantuarekin batera, antzerkia ere, zartagina eta mailua eskuan, kantuan datorkigu oraingo honetan. Bilbotik hasi beharrean naiz, izan ere Zinebiklub Euskal Herriko nahiz kanpoko film laburrak ikusteko aukera eskaintzen ari zaigu ostegunero hilaren 25era arte; eta igandean hasiko den Dantzaldia-ren XI. edizioak ere, bertako nahiz kanpoko bost dantza konpainiez gozatzeko aukera paregabea eskainiko digu hilaren 7tik 12ra bitartean. Eta ez hori bakarrik, baita birmoldatu berri duten Campos antzokiaz gozatzeko aukera ere.
Arriaga antzokian ere, joan den urtean Daniel Veronese-ren zuzendaritzapean estreinaturiko David Mamet-en «Glengarry Glen Ross» antzezlana ikusteko aukera izaten ari gara, biharkoa dela azken emanaldia. Antzezlan 1984an estreinatu zen Ameriketako Estatu Batuetako Goodman Theather antzokian. Broadway-era aldatu eta 378 emanaldi egin zituzten orotara, eta sari ugari jaso, Pulitzer saria besteak beste. 1992an zinemara eraman zuen James Foley zuzendariak, besteak beste, Al Pacino, Jack Lemmon eta Alec Baldwin aktoreekin. Antzezlana, Chicagoko higiezinen agentzia batean gertatzen da bertako nagusiek langileei erronka tentagarri bat eskaintzerakoan: saltzailerik onenari Cadillak bat emango diote, bigarren hoberenari, laban sorta bat eta gutxien saltzen duenari berriz, kale gorria. Honek sekulako iskanbila sortuko du langileen artean, eta arrakasta lortzearren edozertarako gai izango dira. Zeresanik ez dago, duela hogei urte idatziriko testu honek berebiziko gaurkotasuna duela egun bizi dugun eskrupulurik gabeko materialismo eta muturreko lehiakortasunak kutsaturiko krisi gizarte honetan.
Krisiaz mintzatuko zaigu halaber Agerre Teatroaren «Doltza: Dulcinea vs Teresa Panza» antzezlana. Joan den urtean Mozambiken estreinatu bazen ere, berrikuntza eta aldaketekin datorkigu taldea asteburu honetan Errenteriako Kultur Gunera. Maite Agirre zuzendariaren esanetan, Cervantes bezalako klasiko batean oinarritzeak galderak eta egonezinak pizten ditu halabeharrez eta hauei erantzun posibleak ematea izan da taldearen helburuetako bat. Izan ere, nahasmen handiko garaiak bizitzen ari gara, arlo askotako krisiekin eta zuzendariaren esanetan, antzerkiak badu galderak argitzeko zeregina ere.
Eta Pikor taldekoak ere gizartearen kontsumo ohiturei buruz arituko zaizkigu bihar, Jokin Oregiren «XLTown» testuaren euskarazko bertsioa estreinatuko baitute Gasteizko Arriaga zentroan. Antzezlana, euren artean desberdinak eta independenteak diren lau eszenatan banatuta egongo da, lotura bakarra, kontsumo ohituren gaineko hausnarketa izanik, egun-egunean dagoen gaia hau ere. Eta Gasteiztik, Donostiara jauzi egingo dut; izan ere, atzotik hasita, Kanpingags taldearen «Ilunpetan» antzezlana ikusteko aukera baitugu, igandea bitartean. Eta kaldereroen bidaia amaitzeko, Eibarrera joko dut. Izan ere, Eibarko XXXIII. Antzerki Jardunaldiak hilaren 10ean hasiko dira, hilabete baino gehixeagoz antzezlan ugari ikusteko aukera emanez. Eta inauterien oihartzunak dakartzaten kaldereroen kantua ahoan, agurtzen natzaizue. «...Aizak, jozak, jozak. Aizan, jozan, jozan...».