Euskal gehiengo sindikalaren bide propioa
Erretiro adina 67 urtera luzatzeko proposamena beldurraren bidez aurkeztu du Madrilgo Gobernuak. Eta gezurraren gainean; izan ere, horrelako neurririk ezean pentsioak arriskuan egongo liratekeela iragarri duten «adituen» sinesgarritasuna hutsaren hurrengoa da. Behin baino gehiagotan ohartarazi izan dute, data jarrita, pentsio sistemaren porrota. Baina inoiz ez dute beste zenbait arloren defizitaz hiz egiten, hala nola Armadarenaz edo Erret Etxearenaz; bankuak erreskatatzeko behar beste diru bideratu dute, baina pentsio sistema «arriskuan» dagoenean, babesgabeenen kontura atera nahi dute aurrera benetan interes finantzarioen zerbitzuko erreforma dena. Eta ez da erretolika hutsa: erreformaren ondorioz pentsioek behera egiten badute, zer egoeratan geldituko dira dagoeneko pobrezia egoeran daudenak? Pobrezia egoera baita batez besteko pentsioa -877 euro hain zuzen- jasotzen dutenena.
Atzo sindikatuek, hori guztia hizpide, mobilizazioak iragarri zituzten. Alabaina, CCOOren proposamenak, alegia sindikatu guztiak «Estatuaren esparruko sindikatuekin koordinatuta» batera mobilizatzeak, lekuz kanpokoa dirudi, bai Madrilen bai Nafarroan zein Gasteizen Espainiako Gobernuaren politika soziolaboralak sostengatu dituztenek eginda; CCOO eta UGT euskal gehiengo sindikalaren mobilizazioen kontra agertu izana bezain lekuz kanpo.