GARA > Idatzia > Euskal Herria

Kronika | Santa Ageda eskea

Baserriz baserri martiria oroituz, kantu bidez zabaltzen dira ateak

Otsailaren 4an egiten du agerpena, kantu forma hartuta, Agate martiriak. Elgoibarren, tradizioari helduz, koru eta bertsolariak baserriz baserri koplak abestuz ibiltzen dira etxeko nagusia edo baserriaren historia hizpide hartuta. Saioak iraun bitartean, baserriko senideek atea itxita mantentzen dute, eta soilik limosnatxoa ematean zabaldu.

p016_f01.jpg

Oihane LARRETXEA

Santa Ageda bezpera gaua berezia da. Euskal Herriko txoko askotan, baserritar jantzia soinean, esku batean abestiz betetako papera eta bestean makila hartuta abesten ibiltzen dira herriko kale, plaza eta auzotan. Goizean goizetik guztien ahotan entzuten da martiriaren izena, bularrak ebaki zizkioten harena. Leku askotan hutsik egin gabe Santa Ageda eskea egiten bada ere, beste hainbat tokitan denborak tradizioa akabatu du, eta usadioa iraganeko kontua bilakatu da. Elgoibarren ere ohitura galdu zela-eta, Izarra kultura elkarteak orain hemezortzi urte berreskuratzea erabaki zuen -baita lortu ere-, «gure kulturarekin lotutako ospakizunak oroitu eta mantentzearen garrantzian oinarrituta», Imanol Larrañaga kideak azaldu duen bezala. «Elgoibarren 30 urte ziren ohitura eten zela -gaineratzen du- eta geure zereginetako bat, hain zuzen, gauza hauek berreskuratzea da, eta dagoeneko pentsa zenbat urte igaro diren».

Atez ate, koplaz kopla

Elgoibarren ez dituzte herriko kaleak zeharkatzen, auzoetako baserrietara jotzen dute, eta hauen atarietan etxearekin nahiz bertako etxeko-andre, nagusi edo senideekin zerikusia duten koplak abesten dituzte. Lan hori bertsolarien laguntzaz egiten dute, haien abilezia baita horrelako zereginetarako egokiena. Hala, parte hartzen duten koru eta trikitilariekin batera, lau bertsolariren laguntza ere badute: «Hasi ginenetik gurekin izan dira Ziarda, Meabebazterretxea, Areitio eta Narbaiza bertsolariak», dio Larrañagak.

«Benetan berezia da egun hau», dio Meabebazterretxeak, bere iritziz, honakoa ez baita «bertso saio arrunta». Egun hau agendan «oso ondo azpimarratuta» izaten dutela gaineratzen du bertsolariak, «astean zehar edo asteburuan egokitu, beti otsailaren 4an irteten gara kantatzera», dio bertsolariak.

Ibilbidea herriko plazan hasten dute, eta bertan bi taldetan banatzen dira, bakoitzak auzo eta baserri zehatz batzuk bisitatzeko; atzo 60 inguru izan ziren.

Baserriko atarira heltzean ekiten diote kantuari, lehenago kontuan hartuta zein etxe den, zeintzuk diren bertako bizilagunak edota badagoen baserriarekin lotutako ezaugarri edo gertaera berezirik: «Gure jarduna bat-batekoa da -dio Meabebazterretxeak- eta zenbat eta gehiago ezagutu bertakoak, orduan eta aukera handiagoak dira bertsoak egiteko». Hasieran Santa Ageda bezpera dela abesten dute, martiria aipatzea «ezinbestekoa» baita, eta ondoren kopla bereziei egiten diete tartea. Adibide bezala, Mausitxa baserria aipatzen du Larrañagak: «Euskal Herriko gazta onenaren saria beraiek jaso dutela aitzakiatzat hartuta egin daitezke bertsoak».

Beste batzuetan edozein xehetasun eramaten dute bertsoaren harira. Gainera, urteen poderioz, lasterbideak ere aise sumatzen dituzte: «Une horretan etxeko zakurra gerturatu zaigula, edo etxeko nagusia barazkiak jasotzen ari dela...», dio bertsolariak. Eta saioa «oso ona» bada edo bertakoak «oso gustura» azalduz gero, saioa luzatzeko ere eskatzen diete, helburua entretenitu eta gozatzea baita.

Koruen abesti saioak iraun bitartean baserritarrek egin behar dutenaren harira Meabebazterretxeak azaldu duenez, baserriko pertsona helduek «badakite nola jokatu behar duten», kantariak aurrean dituzten bitartean. «Historiak hala agintzen du -deskribatzen du-: Santa Eskeak iraun bitartean etxeko kideak atearen beste aldean gelditu behar dira, atea itxita. Entzun beharreko guztia entzun dutela uste dutenean, orduan, eta orduan bakarrik, zabalduko dute atea limosnatxoa emateko». Jende gazteak berriz, ez dakizki kontu hauek eta gaur egun ohikoa da leihoetatik begira, edo atea irekita, bertatik entzutea.

Usadioak usadio, hala ere, estimua da parte-hartzaile hauen arabera alderdirik garrantzitsuena, «baserritarren begietan ikusten den sentimendu hori», gaineratzen dute. Etxe batetik bestera aldea egoten dela zehazten dute biek, batzuek gustukoagoa dutelako edo ohiturengatik lotura handiagoa sentitzen dutelako: «Baserri batzuetan etxeko sukalderaino gonbidatzen gaituzte askaria edota San Blas opilak eskaintzeko», dio bertsolariak.

«Estimurik sentitzen ez dugun egunean utziko diogu kantuari» dio Larrañagak. Ordura arte, otsailaren 4an, Santa Ageda bezpera gauean, martiriaren izenean itxitako ateak zabalduko dira baserrietan.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo