Jaitsierako postuetatik ihes egiteko aukera paregabea dauka Avironek
Jon LEUNDA
Aspaldiko partez, Avironek jaitsierako postuetatik ihes egiteko modua egin dezake gaur ilunabarrean. Horretarako, ordea, 20.45etik aitzina Jean Dauguer estadioan Perpinya menderatu beharko du. Norgehiagoka hau eguraldi txarra zela-eta atzeratu zuten, eta gaur daukate kitatzeko aukera, Sei Nazioen Txapelketa jokatzen dela-eta, ez baitago Liga jardunaldirik.
Hori dela-eta, bai euskaldunek, bai kataluniarrek selekzioetan ari diren jokalaririk gabe jokatu beharko dute gaurkoan. Avironek Fall eta Gower faltako ditu. Lehenengoa Frantziarekin arituko da, eta bigarrena Italiarekin. Kataluniarrek lau faltako dituzte selekzioak direla medio, eta beste hiru jokalari lesionatuta dituelako.
Baionarrak azken-aurreko postuan daude, baina gaur irabazten badute, jaitsierako postu hori utziko lukete eta bi punturen aldea aterako liekete Bourgoinekoei. Kontuan izan behar da, Gajan Avironen aulkian eseri denetik, zuri-urdinek partida guztiak irabazi dituztela.