GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Binakako Txapelketa

Aurten 21nako berdinketarik izango ote da Idiazabalen?

Azken bi urteetan tanto bakarraren aldearekin erabaki da Igarondoko partida.

p029_f02_666x666.jpg

Asier AIESTARAN

Idiazabalgo Igarondo pilotalekuak, azken urteetan ohitura bilakatu den moduan, Binakako Txapelketari dagokion partida erakargarri bat biziko du bihar arratsaldean. Gonzalez eta Laskurain Berasaluze VIII.a eta Beginoren aurka neurtuko dira 17.30ean hasiko den jaialdian. Gainera, partida goi-mailakoa izango dela pentsa daiteke, azken bi urteetan Idiazabalen jokatutako norgehiagokak apartak irten izan baitira.

Iaz, esaterako, Berasaluze VIII.ak eta Beginok 22-21 irabazi zuten Gonzalez eta Barriolaren aurka. Jokoz beste mundukoa izan ez bazen ere, neurketak ia 81 minutuko iraupena izan zuen eta Pablitok ezker airez egindako tanto eder batekin amaitu zen dema. Hurrengo eguneko egunkariek berriztarraren jokoa nabarmendu zuten, besteren artean, airez hamar sake errestatu zituelako. Lau pilotari horietatik hiru bihar berriz ere protagonista izango dira Idiazabalen.

Baina kontuan izan behar da 2008an ere Igarondon jokatutako partida, Binakako Txapelketaren ligaxkari zegokiona, 22-21 amaitu zela. Orduan, Gonzalezek eta Barriolak lortu zuten garaipena Koka eta Beginoren kontra. Are eta gogorragoa izan zen hura, 87 minutuko iraupena izan baitzuen 744 pilotakada jo ondoren. Aipagarria da 124 pilotakadako tanto bat ere izan zela. Galdu arren, Aritz Beginok atzean emandako ikuskizuna goraipatzekoa izan zen, hurrengo urteetarako bidea irekiz.

Aurrekari horiek ikusita, eta protagonistak gehiegi aldatzen ez direla jakinda, zaleen artean galdera bolo-bolo dabil: Aurten ere 21nako berdinketarik izango al da Idiazabalen? Atzoko material aukeraketan argi utzi zutenez, bi bikoteak dena ematera irtengo dira; Gonzalez eta Laskurainek urrats handia eman dezaketelako finalerdietara begira -bi garaipen eta bi porrot dituzte-, Berasaluzek eta Beginok azken aukera izan dezaketelako lehiaketari agur esan aurretik -puntu bakarra dute-.

Gaur gauekoa, Urdulizen

Bosgarren jardunaldia gaur hasiko da Urdulizen. Irujok Eulaterekin jokatuko du, Beroizen ordezkoarekin, eta Olaizola I.ak Apraizekin, Patxi Ruiz kanporatua izan baita. Aspekoek -astean zehar gaixo ibili dira- sailkapena ongi bideratuta dute lau garaipenekin; Asegarcekoek gaur irabazi beharra dute nahitaez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo